NAIZ

2025 urtean ere garraio publikoan %50eko deskontua bermatzea proposatu du EH Bilduk

2025. urtean zehar ere garraio publikoan %50eko deskontua bermatzeko legez besteko proposamena aurkeztu du EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean, Lakuako Gobernuari eta foru aldundiei zuzenduta. Madrilek bere zatia finantzatzeari utziko balio, beren gain hartzea eskatzen die euskal erakundeei.

Garraio publikoan dagoen %50eko deskontua mantentzeko eskaria aurkeztu du EH Bilduk.
Garraio publikoan dagoen %50eko deskontua mantentzeko eskaria aurkeztu du EH Bilduk. (Raul BOGAJO | FOKU)

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean, hurrengo urte osoan zehar ere garraio publikoaren %50eko deskontua mantentzea proposatuz.

Ohar batean, koalizio subiranistak azaldu du iaztik indarrean dagoen deskontuaren %30 Gobernu espainolak hartzen duela bere gain, eta euskal erakundeek %20 finantzatzen dutela. Madrilek bere portzentajea finantzatzeari uko egingo balio ere, deskontua 2025. urtean zehar bermatzea da EH Bilduren legez besteko proposamenak jasotzen duen eskaria.

Gobernu espainolak garraioa finantzatzeari uztea erabakiko balu, Lakuako Gobernuari eta Foru Aldundiei finantziazioaren zati hori bere gain hartzea planteatzen du, «deskontuak orain arteko baldintza berberetan aplikatzen jarraitzeko, Barik, Bat eta Mugi sistemaren barruan dauden garraiobide eta bidaia txartel berdinetan».

Deskontuen politika horrek erabileran izan duen «eragin positiboa» nabarmendu du Amancay Villalba legebiltzarkideak, erabiltzaileen kopuruaren igoera nabarmena aipatuz. Azpimarratu duenez, deskontuak indarrean daudenetik «marka guztiak» apurtu dira garraio publikoen erabilerari dagokionez.

Tarifa sistema progresiboa

Horren aurrean, deskontuei eutsi beharra defendatu du, eta «azken helburuak txartel bakarra» izan behar duela adierazi du: «tarifa sistema bateratu bat, gehien behar duten kolektiboei bereziki mesede egingo diena, hala nola, gazteei, langabeei, desgaitasun bat dutenei edota familia ugariei».

Horrekin lotuta zehaztu du Villalbak aurkeztutako proposamenean, «errentan eta garraio publikoaren erabileran oinarritutako behin betiko tarifa sistema progresibo hori zehazteko prozesua azkartzeko» deia jaso duela EH Bilduk, Lakuako Gobernuari eta Aldundiei zuzenduta.