Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

EH Bilduk «nazioa garela» aldarrikatuko du azaroaren 23an Bilbon egingo duen mobilizazioan

Azaroaren 23an mobilizazio bat eginen du EH Bilduk Bilboko kaleetan, Euskal Herria «nazio bat dela» eta «errespetua» merezi duela aldarrikatzeko. Arnaldo Otegik egun mahai gainean dagoen «gure eskubide nazionala» eta «gure nazio aitortzaren» inguruko eztabaida aprobetxatzera deitu du.

Arnaldo Otegi, EH Bilduren koordinatzaile nagusia, artxiboko irudi batean.
Arnaldo Otegi, EH Bilduren koordinatzaile nagusia, artxiboko irudi batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azaroaren 23an Bilbon egingo duen mobilizazio nazionalean parte hatzeko deia egin du EH Bilduk astelehen honetan. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak nabarmendu duenez, Estatu espainol eta frantsesean «arazo nazionalen eta eredu territorialaren» inguruan eztabaida dago mahai gainean, eta Euskal Herrian bertan, aldiz, «estatusari buruzkoa». Ildo horretan, aukera aprobetxatzeko unea dela adierazi du, eta Euskal Herria «nazio bat dela» eta «errespetua merezi duela» aldarrikatuko dute Bilbon.

Koalizio subiranistaren ordezkariak azaldu du Gobernu espainolak «ezin duela bakarrik eskuin muturrari» aurre egin, «demokratizaziorako agenda bat amankomunuean» jarri behar duela. Horretarako, «ezkerreko politikak» egin behar dituela azpimarratu du, eta «ezkerreko politika horretan funtsezkoa da nazioen aitortza egitea». Hau da, ulertzea, Otegiren esanetan, «Estatu espainola plurinazionala dela». 

«Aitortza horrek eredu territorial eta politikoa aldatzen du, harremanak aldatu egiten ditu. Ez da berdina komunitate autonomoa izatea eta Estatuarekin harremanetan jartzea edo nazio bezala harremanetan jartzea, horrek esan nahi duen guztiarekin», adierazi du Otegik.

Azaldu duenez, «bide bat hasten ari gara»; izan ere, «estatus politikoari buruz hitz egiten da, eta gure eskubide nazionalaren inguruko eztabaida eta gure nazio aitortzaren inguruko eztabaida» dago mahai gainean. «Aprobetxatu behar da momentu historiko hau gure estatus nazional eta politkoari buruz hitz egiteko», gehitu du EH Bilduren koordinatzaile nagusiak.

Baina eztabaida hau, adierazi du Otegik, «ez da bakarrik egin behar» alderdi politikoen artean, «herriaren parte hartzea» eskatzen duelako. Zentzu horretan, azaroaren 23an Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin du, «Euskal Herria nazio bat dela eta errespetua merezi» duela aldarrikatzeko.

Honela, «akordio zabalak» aldarrikatu ditu Otegik, eta herri mobilizazioaren bitartez, «nazio hau aitortuko duen estatus politiko berri bat lortuko» dutela nabarmendu.

EAJri gonbidapena

Ildo horretan, Otegik EAJri dei egin dio indar abertzaleen artean gutxieneko akordio bat lortzera estatus berriaren inguruan, gainerako alderdi politikoekin balizko negoziazio batean elkarrekin defendatzeko.

Andoni Ortuzar igande hoNentan egindako adierazpenen harira egin ditu adierazpen horiek Otegik. Izan ere, EAJko presidenteak esan zuen bere alderdiak ez zuela «ez batzuekin ez besteekin» negoziatuko euskal estatus berriaz, baizik eta guztiekin hitz egingo dutela «ahalik eta babes politiko handienarekin» testu bat negoziatzeko eta Gasteizen eta Madrilen aurrera egingo duen itun bat lortzen saiatzeko.

Horrela, Otegik uste du «mundu guztiarekin» hitz egin behar dela, eta ez alderdi politikoekin bakarrik; izan ere, eztabaida horretan sindikatuek, unibertsitateek eta talde sozialek parte hartu behar dute.

Hala ere, bi indar abertzaleek aldez aurretik «gutxieneko batzuk» adostea defendatu du, baina horrek ez du esan nahi «besteekin ez hitz egitea». «Indar abertzaleen artean gutxienez adostu beharko genuke zein gairen inguruan ados jartzen garen eta elkarrekin defendatu beharko genituzke, bi indar nagusiak garelako lurralde horietan», gaineratu du.

Otegiren esanetan, euskara, hezkuntza eta nazioa dira, besteak beste, EH Bilduk eta EAJk elkarrekin ados jarri eta defendatu ditzaketen gaiak.