Kurtso berriko lehena, edo beste modu batera begiratuta, urteko azkena izango den Lau eta Erdiko txapelketa aurkeztuko dute astearte honetan Bilbon, antolatzaileek ere argitu ezin izango duten galdera ikur handi batekin. Izan ere, datorren astera arte ez omen dugu jakingo Iñaki Artola Baikok txapelketa honetarako aurkeztuko duen seikotean izango den, edo ez.
Bilboko enpresak astelehen honetan jakitera eman duenez, alegiarrari aste honetan bertan zenbait mediku azterketa egingo dizkiote pasa den ostiralean Logroñon izan zuen ezker zangoko izterreko lesioaren larritasuna ezagutzeko eta min horren garapenaren arabera, datorren astean erabakiko omen du pilotariak bere burua kaiolakoan jokatzeko moduan ikusten ote duen. Printzipioz, Artolarekin batera, Laso, Jaka, Peña, Urrutikoetxea eta larunbatean Zallan jokatuko duten Larrazabal eta Zubizarretaren arteko aurre-kanporaketako irabazleak osatu beharko lukete Bilboko enpresako seikotea, baina ikusteke dago zer gertatzen den txintxarriarekin.
Jokatzerik izango ez balu, pentsa daiteke enpresak Zallan galtzaile irteten den pilotaria aukeratuko lukeela, Buruz Burukoan Jon Mariezkurrenak azken unean uko egin zionean Urrutikoetxearekin egin zuten bezala, baina Bakaikoa edo Asier Agirreren izenak ere hor egon daitezke.
Sekulako gurutze-bidea pairatzen ari da Iñaki Artola aurtengo udan ezker zangoko gihar lesioekin, ekainetik hona hiru aldiz geratu behar izan duelako antzeko lesioen erruz. Lehena ezker zangoko soleoan izan zen, 25 egunez egon behar izan zuen kantxetatik kanpo eta sanferminetako feria jokatu ezinik geratu zen. Irail hasieran iztondoan hartu zuen min eta Masterseko lehen faseko azken bi jardunaldiei uko egin behar izan zien eta berriz ere sasoi onena berreskuratu zuela zirudienean, ondorioengatik lesiorik larriena izan daitekeena etorri zaio, kaiolako txapelketari muzin egin behar izana suposa dakiokeena.
Aspen, Darioren esperoan
Aspen ere bada zalantzarik, larunbat honetarako aurre-kanporaketa bat iragarria baitu Ezkarain bertako seme eta Salaberriaren artean, baina ikusi egin behar errioxarra partida hori jokatzeko moduan den. Dariok ere sanmateotako ferian hartu zuen min, Rezustarekin atarikoa jokatzen ari zela pilota bat eskuan sartu eta Ezkurdia-Martijaren aurka garaipena eskuratu bazuten ere, hurrengo partidei uko egin behar izan baitzien. Pilotariaren eskuak artatu dituen Pedro Garcia masajistak zalantzak agertu zituen igandean Dario osatuko ote den. Momentuz, enpresak partida mantentzen du karteldegian eta hori seinale ona izan daiteke.