NAIZ

24 orduko kirol erronka eta paella solidarioa, Juneren Hegoak taldearen egun handian

Juneren Hegoak elkarteak Erronka Eguna ospatuko du urriaren 11n eta 12an Errenteriako kaleetan ekimenez betetako egitarau batekin. Xabi Salillasek egingo du 24 orduko triatloi estatiko «non stop» erronka.

Juneren Hegoak Egunaren aurkezpena.
Juneren Hegoak Egunaren aurkezpena. (JUNEREN HEGOAK)

Juneren Hegoak Errenteriako elkarteak, gaixotasuna duten haurrak eta haien familiak babesten dituen elkarteak, iaz 10 urte bete zituenak, Errenteriako kaleak elkartasunez beteko ditu urriaren 11n eta 12an. Oraingo honetan, jaia ostiral horretan hasiko da, 19.00etan, eta larunbateko ordu berean izango du amaiera. Eta erronka horrek ere aurtengo Juneren Hegoak Erronka Egunari izena jarri dio.

2013tik, Xabi Salillasek beste kirol erronka solidarioetan parte hartu izan du, Hernani Wrukorekin, Aurrera Markelekin, Pausoka edo EiTB maratoia bezalako elkarte edo ekimenekin bat eginez. 50 urteko hernaniar honek elkartearen jaian parte hartu nahi izan du 24 orduko erronkarekin. Hasiera urriaren 11n izango da, ostirala, 19.00etan, Koldo Mitxelena patioko igerileku batean 8 orduz igeri eginez. Leku berean zortzi ordu emango ditu bizikleta estatiko batera igota, 03.00etatik 11.00etara. Eta, azkenik, Gernika plazan, erronka honen azken etapari ekingo dio, zinta batean martxa eginez, zortzi orduz, 11.00etatik 19.00etara. 24 orduko triatloi estatiko «non stop» moduko bat izango da.

Kirolariak dionez, «beti ari naiz erronketan pentsatzen, eta bete egiten nau Juneren Hegoak bezalako arrazoiengatik egiteak. Niretzat, baliotsuena nire hankak dira, eta haiek eraman naute honaino aurten. Konstaziaz ari naiz entrenatzen, eta alderdi mentala asko lantzen dut; izan ere, ez da erraza hainbeste ordu gorputza lantzen ematea eta 8 ordutik behin kirol-diziplina aldatzea. Baina dena prest daukat; Bartzelonako nire prestatzaileek dieta jarri didate erronkarako, bihotz-erritmoa urrunetik kontrolatuko didate, eta hori amaitzea da nire helburua».

Ekintza ezberdinak izango dira Xabirekin batera bi kokapenetan, askotariko jarduera programa osatuz. Horrela, ostiralean 19.00etan Koldo Mitxelena patioan zumba saio bat eta 20.00etan txokolatada handi bat izango dira. Hurrengo egunean, larunbatean aldiz, 11.00etan, Gernika plazako jarduerei ekingo zaie: eskulanak, pintakarak, buruhandien tailerra, Bubbles bolak, puzgarriak, mahai-tenisa, photocall bat eskainiko ditu elkartearen boluntarioek.

14.00etan, paella solidarioa hasiko da; honetan parte hartzeko tiketak salgai daude jada Errenteriako Aker eta Kerala tabernetan, paella gehi postrea, 10 euroren truke. 16.00etan magia ikuskizunaz eta 17.00etan diskofestaz gozatzeko aukera egongo da, 19.00ak arte iraungo duena. Une horretan amaituko dira elkartearen egun handia eta kirol erronka.

Beste batzuetan bezala, ekitaldia Luisma Laboak dinamizatuko du, eta zenbait elkarte ezberdinek ere bertan parte hartuko dute, bere lanari buruzko informazioa eskainiz eta bere produktu solidarioak salduz. Juneren Hegoak elkarteak ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak, euren «egun handia konpartitzera, eta bildutako guztia familientzat izango dela» gogorarazten dute.