Asteartean lehen mailako Lau eta Erdikoa aurkeztu zuten Bilbon, azaroaren 24ean finala jasoko duen Bizkaia pilotalekuan. Eta asteazken honetan Lau eta Erdiko Serie B Txapelketaren txanda izan da. Txapela nork janzten duen ikusteko azaroaren 16ra itxaron beharko da, Labriteko finalera alegia.
Hala, gaurko aurkezpenean kaiolako Serie B Txapelketa irabazten saiatuko diren pilotarien zerrenda eman dute ezagutzera. Baiko Pilotako sei ordezkari eta Aspeko beste sei saiatuko dira txapela janzten: Agirre, Egiguren V.a, Bakaikoa, duela gutxi debuta egin duen Murua, Alberdi II.a, Exposito, Senar, Aldabe, Eskiroz, Mata, De la Fuente, eta Zubizarreta III.ak eta Larrazabalek Zallan jokatuko duten kanporaketako galtzailea.
Hala ere, Iñaki Artolaren duda dago oraindik. Alegiarrak lehen mailako Lau eta Erdikoari uko egingo balio lesioa dela-eta, aipaturiko Zallako partida horretako galtzaileak hartuko luke bere tokia. Hala, pilotari horrek ez luke Serie B jokatuko eta "aulkian" daudenen artean aukeratu beharko lukete enpresako zuzendariek. Iturrien arabera, Salaverri II.a edo Lizeaga izan litezke.
Faboritoen artean, Asier Agirre eta Joanes Bakaikoa –biak izan dira txapeldun– eta azken hiru edizioetan txapeldunorde izan den Julen Egiguren azpeitiarra ageri dira.
Aurkezpenean egindako zozketaren arabera, hauek izango dira final-zortzirenetako kanporaketak: Mata / Senar (urriaren 11n, Agoitzen), Eskiroz / Alberdi II.a (urriaren 12an, Bilbon), Exposito / De la Fuente (urriaren 13an, Lekunberri) eta Aldabe / Zallako galtzailea (urriaren 14an, Tolosan).
Final-zortzirenetako kanporaketak gainditzen dituzten lau pilotariek zain izango dituzte hurrengo fasean, final-laurdenetako ligan, Agirre, Egiguren V.a, Murua eta Bakaikoa. Final-laurdenetako lehenengo jardunaldia horrela geratu da: Egiguren / Agoizko irabazlea (urriaren 18an, Azkoitian), Agirre / Lekunberriko irabazlea (urriaren 19an, Sorian), Bakaikoa / Bilboko irabazlea (urriaren 20an, Iruñean) eta Murua / Tolosako irabazlea (urriaren 20an, Eibarren).
Finalerdiak azaroaren 8an, ostiralez, jokatuko dituzte, eta finala, azaroaren 16an izango da, Iruñeko Labrit pilotalekuan.