Jon Ormazabal

Mariezkurrena eta Dario prest dira Masterseko eta kaiolako erronketarako

Biek euren burua jokatzeko moduan ikusi zuten asteazkenean egindako probetan eta baiezkoa eman dute. Berriozarkoa Mastersaren finalerdietan arituko da Peio Etxeberriarekin batera eta Ezkaraikoak Lau eta Erdiko aurre-kanporaketa jokatuko du larunbatean, bere herrian, Salaberriaren aurka.

Jon Mariezkurrena osatu da eta Peio Etxeberriarekin Mastersa borobiltzeko prest da.
Jon Mariezkurrena osatu da eta Peio Etxeberriarekin Mastersa borobiltzeko prest da. (Iñigo URIZ/FOKU)

Azken egunetan euren egoera fisikoaren inguruan zenbait zalantza egon badira ere, Jon Mariezkurrenak eta Dario Gomezek prest ikusi dute euren burua asteburu bete honetan izango dituzten erronkei aurre egiteko. Berriozarko atzelariak uko egin behar izan zion sanmateoetako ferian jokatzeari bere eskuin abduktorean izandako arazo batzuengatik, baina osatze plan bat jarraitu ostean, asteazkenez proba bat egin zuen eta ostiralean Nafarroa Arenan jokatuko den Mastersean jokatzeko erabakia hartu zuen.

Dario Gomezek Logroñon bertan hartu zuen min, Asperen aurre-kanporaketa gogorrean garaipena eskuratu zuen Rezustarekin Ezkurdia-Martijaren aurka, baina eskuin eskuan pilota bat sartu zitzaion eta ezin izan zuen Adarragako ferian jokatzen jarraitu. Denboraz larri, baina azkenean bere jaioterrian jarri dioten Lau eta Erdiko txapelketarako aurre-kanporaketa jokatuko du Ezkaraikoak, egindako azken proban bere esku hori jokatzeko moduan ikusita. Beraz, larunbatean frontoira irtengo da eta Lasoren aurka Bilbon final zortzirenetan egon ahal izateko borrokatuko da.

Mastersa martxan

Esan bezala, asteburua era guztietako txapelketako partidez beteta datorkigu. Ostiral gauean, nolabait uda pilotazalea ixtera datorren Mastersaren azken txanpa hasiko da bi finalerdi handirekin. Gaueko 22.15etik aurrera, txapelketako lehen finalerdia jokatuko dute Peña-Zabaletak eta Peio Etxeberria-Mariezkurrenak. Bada ikusminik Iruñeko pilotaleku handienean jokatutako binakako final guztiak irabazi dituzten bi atzelari jotzaileen arteko demarako.

Hori bai, batzuek eta besteek oso ibilbide desberdinak izan dituzte Mastersak iraun dituen hiru hilabeteetan. Peio Etxeberria-Mariezkurrena torneoko bikoterik sendoena izan dira eta ligaxkan jokatutako zazpi partidetan sei garaipen eskuratuta, sailkapeneko lehen postuan amaitu zuten.

Zabaletak sanferminetan izandako giharretako lesioak baldintzatuta, Peñaren eta Etxarrengo atzelari handiaren errendimendua askoz makalagoa izan da, baina Aspeko atzelaria indartsu itzuli da eta jokatutako azken zazpi partidetatik bost irabazita, berriz ere aldeak markatzen ari da. Atzelarien arteko deman nagusi denak asko izango du irabazia, baina aurrean Peñak eta Logroñon txapeldun izatetik datorren Peio Etxeberriaren lanak ere izango du zeresanik.

Bigarren finalerdian Altuna-Iztueta eta Zabala-Imaz arituko dira nor baino nor. Beste uda bikain bat osatuta, amezketarra bere palmaresean falta duen garaipen bakarraren bila irtengo da Nafarroa Arenara. Sanferminetako Lau eta Erdikoan hautsi zuen frontoi honetan finalekin zuen zorigaitza eta orain binaka ere irabazteko asmoz kantxaratuko da bere dohainetara gehiegi egokitzen ez den pilotaleku batera. Alboan, bere bizkarrean maila bikaina eman duen Iztueta gaztea izango du. Hasieran bere inguruan zalantzaren bat egon bazen ere, tolosarrak bikain erantzun dio agertu zaion lehen aukera handiari.

Parean, Zabala-Imazek Masters askoz ere gorabeheratsuagoa egin dute. Atzean Ander Imaz nahikoa sendo aritu den bitartean, Logroñokoak partida bikainak eta txar xamarrak uztartu ditu. Hori bai, eguna dutenean, edozeini irabazteko gai dira. Atsedenerako asti askorik gabe, bi finalerdietako irabazleek igandean jokatuko dute finala.