Azken urteotan, speed climber terminoak indar handia hartu du zortzimilakoetan. Batez ere, Fastest Known Time edo ezagutzen den denbora azkarrena bezala ezagutzen den kontzeptuak. Hots, errekorra eta kronoa dira kirolari horien helburuak. Joan den udaran, espezialista batzuek denbora ikaragarriak egin zituzten mendi erraldoi horietan. Azkenak, berriz, Himalaiako udazkeneko denboraldia aukeratu du.
Tyler Andrews dugu protagonista. Bada, kirolari estatubatuarrak Manasluko (8.163 m) kanpaleku nagusia eta tontorra lotzeko 9 ordu eta 52 minutu behar izan ditu. Errekor berria da; izan ere, aurrekoa, Pemba Gelje Xerpak lortutako, bi orduan jaitsi du.
Andrewsek onartu du mendiko langileek zortzimilakoa soka finkoekin antolatu zutenean pronto zegoela ekinaldi bat egiteko: «Berez, saialdi horretan ez nuen errekorra egiteko asmorik. Ez, nire xedea zen girora egokitzea. Baina soka finkoak jarrita zeudenez, klima oso ona zenez eta ibilbidean mendizale gutxi zegoenez, estutzea otu zitzaidan. Hirugarren eta laugarren kanpalekuen artean, inolako eragozpenik gabe, berrogei mendizale aurreratu nituen. Une jakin horretan indarrez nengoen eta gailurrera jarraitzea erabaki nuen. Jaitsiera, berriz, lasai hartu nuen; ez nuen asmo berezirik joan-etorri azkar bat egiteko».
Izaera horretako jardueretan estatubatuarrak eskarmentu handia du. Kilimanjaron, Aconcaguan, Fujin, Ama Dablam… errekorrak ezarri ditu. Iaz, adibidez, Manaslun bertan ekinaldi bat egin zuen. Pemba Gelje Xerpa baino ordubete lehenago irten zen kanpaleku nagusitik. Erritmo ona zeraman, baina 7.750 metroko kotan igoera bertan behera utzi zuen. Nepaldarrak, berriz, aurreratu zuen eta 12 ordu eta 22 minutuko kronoa (errekorra) egin ere.
Vedrines, azkarrena
Arestian aipatu dugu, joan den udaran, zehazki uztailean, hainbat errekor sinatu zirela zortzimilakoetan. Vadim Druellek, adibidez, bi egin zituen: Nanga Parbat (15:18) eta Gasherbrum I (11:55) mendietan. Baina Benjamin Vedrinesek K2 edo Chogorin lortu zuena erabat ikusgarria izan zen. Kanpaleku nagusia eta tontorra 10 ordu eta 59 minutuan lotu zituen.
Egungo espezialistek garai bateko errekorrak erabat txikitu dituzte. Jakina, ezin dira alderatu; esan dugun bezala, garai ezberdinak direlako. Hortaz gain, errekor horiek aztertzerakoan aldagai gehiago kontuan hartu behar dira: ibilbidea teknikoa den ala ez, soka finkoekin ekipatuta dagoen ala ez, eguraldiaren eta mendiaren baldintzak, hotza, haizea…
Adituek azpimarra egiten diote aldagai bati. Eta hori da igoeraren abiadura. Frantziarrak, adibidez, duela bi urte Broad Peak-en egin zuen errekorrean, batez beste, 420 m/h igoera egin zuen. K2n, berriz, 296 m/h izan zen: «Denera, ibilbide klasikotik 3.260 metroko desnibela gainditu nuen. Baina kontuan hartu behar da tarte teknikoak dituela: Black Piramid edo House Chimney izeneko sekzioak. Mendi horretako aldatsek ez dute zerikusirik Broad Peak-ekoekin”»
Druelleren abiadura Nanga Parbaten eta Manaslun eginikoen antzekoak izan dira, baina diogun bezala bi mendi horiek eta K2 ezin dira parez pare jarri; besteak beste, garaiera, aldatsak eta zati teknikoak ez direlako berdinak.
Hori guztia aipatu eta gero, aditu batzuek diote oso interesgarria izango litzatekeela Druelle eta Vedrines jarduera berezi batzuetan ikustea. Eta, adibidez, aipatzen dute Gasherbrum I eta II mendien lotura kanpaleku nagusira jaitsi gabe (Messner eta Kammerlanderrek 1984an egin zutena), Kanchejungako lau tontorren lotura edo Everest-Lhotse zeharkaldia.