Memoria Osoa ekimenak agerraldia egin du ostiral honetan Gasteizen urriaren 12an egingo duten ekitaldiaren berri emateako. Gasteizen Guardia Zibila «goraipatuko» dutela ikusirik, gorputz militar horrek eragindako biktimak «bisibilizatu eta ahotsa emateko» helburuarekin egingo dute ekitaldia. Era berean, esan dute Maider Etxebarria Gasteizko alkateari eta Marisol Garmendia Estatu espainoleko ordezkariari bilera eskaera bat helarazi dietela.
Memoria Osoa ekimenaren izenean, Martxelo Otamendi (2003an torturatua, GEEAk Espainiako Erreinua zigortu zuen Konbentzioaren 3. artikulua urratzeagatik), Axun Lasa(1983an torturatua. Josean Lasaren arreba, bahitua, torturatua, eraila eta kare bizian lurperatua), Unai Romano (2001. urtean torturatu zuten, eta komisariatik igaro osteko haren irudiak munduari bira eman ziona), Enkar Blanco (1992an torturatua, Nazio Batuek aitortua), Idoia eta Begoña Zabalza (1984an hil arte torturatutako Mikel Zabalzaren arrebak. Haren gorpua 21 egunez desagerrarazi zuten), Pilar Garaialde (1980an torturatua eta berriki Gogoraren zuzendaritza kontseilutik baztertua) eta Susana Atxaerandio (2002an torturatua) egon dira.
Duela bi hilabete elkartu ziren Gasteizen Memoria Osoa ekimeneko kideak Gasteizko udal Gobernuak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren Fundazioari hiriaren urrezko domina ematea «saminez» ikusten zutela adierazteko: «Ikusten ari gara ekimen instituzional berriek modu ulergaitzean, pairatzen dugun diskriminazioa areagotzen jarraitzen dutela eta, are larriagoa dena, birbiktimizazioa eragiten».
Gogoratu dute «bizikidetza demokratikoaren eraikuntza» dela Giza Eskubideen urraketen biktima gisa, beraiek eskatzen dutena. Ostiral honetako agerraldian, Bilbon, Gastezen eta Donostian Guardia Zibilak egindako erakustaldi publikoak eta urriaren 12an Gasteizen egitekoa dena izan dituzte hizpide, kasu honetan erakundeetako ordezkariak bertaratuko direla zabaldu dela eta horrek «gorputz militarra den Guardia Zibilari omenadia eskaintzea» suposatzen duela salatu dute. Eta gogoratu dute eskubide urraketa horiek oraindik «zigorgabe» dirautela.
«Ekimen hauek eraso zuzena bilakatzen dira bere bortxaren bazka izan ginenontzat», adierazi dute eta beraiek pairatutako biolentziaren «apologia eta gorespen ekintza argiak» direla azaldu: «Aldi berean, eragindako minaren aitortzarik, ez eta egin zigunagatik erantzukizunik hartzea ere eskatzen ez zaion institutu armatua bera zuritzeko estrategia bat da».
Lakuaren «norabide aldaketa»
Lakuako Gobernu berriaren barruan ematen ari den «norabide aldaketa» nabaria dela adierazi dute giza eskubideen, memoriaren eta biktimen arloari dagokionez: «Badirudi kudeatzaile berriek egun batetik bestera ezabatu nahi dutela azken hamar urteotan gehiengo sozialak ahalegin, ausardia eta itxaropen handiarekin eraikitakoa; agian gure biktima izaerarengandik ondorioztatzen diren erantzukizun penal eta politikoei aurre egiteko prest ez daudelako».
Norabide aldaketa horretan, Memoria Osoaren iritziz Gasteiz da «bizikidetza eraikitzera baino kontakizun bat inposatzera bideratuagoa dagoen estrategia baten ardatz nagusia». Ekimenaren bozeramaileek azaldu dutenez beraien ustez erakundeen zeregina berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioetan oinarritu behar da. Eta deia luzatu diete erakundeei birbiktimizazioa utzi eta «profil ezberdineko biktimen artean dagoen asimetria gainditzeko ezinbesteko erronkan erakunde eraginkor gida aktiba daitezen».
«Erakunde gisa herri honen indarkeria-historian biktimario nagusietako bat omentzeak, bere bortxa pairatu zuten milaka pertsonen erasoa, umilazioa eta birbiktimizazioa eragiten du», azaldu dute. Eta gaineratu, datozen egunetan emango dutela urriaren 12an Gasteizen bertan antolatuko duten ekitaldiaren berri.