M.A.
Entrevue
Igor Aranbarri
Azpeitiko Ikasberri ikastolako lehendakaria

«Gure hezkuntza proiektua euskalduna, anitza eta garaira egokitua da»

Urtebete eskas; horixe izan da Azpeitiko ikastolak Kilometroak festa pentsatu eta antolatzeko izan duten denbora. Tarte laburra, agian, baina emankorra. Horixe ziurtatu du Ikastolako lehendakari Igor Aranbarrik. Urte osoan egindako ekimenen kolofoia izango dela adierazi du.

Igor Aranbarri, ikastolaren aurrean.
Igor Aranbarri, ikastolaren aurrean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Jo tea su aritu zarete Gipuzkoako ikastolen aldeko festa prestatzen. Konpromisoa, diziplina eta lan handia eskatzen du Kilometroak bezalako festa antolatzeak. Nolakoa izan da Azpeitiko Ikastolako komunitatea osatzen duzuen kideen inplikazioa antolaketa lanetan?
Ona, oso ona. Hosto asko dituen eguzki-lorea da gure komunitatea. Lan talde ugari daude buru-belarri lanean: talde arduradunak, koordinatzailea eta abar. Den-denak Kilometroei begira, bakoitza egoki datorkion neurrian.

Garaiak aldatuz doazen heinean, ezinbestekoa da horietara egokitzea. Zein alderdi indartu nahi izan duzue ekitaldi honetan?
Urte osoko lan honetan oinarri bat adostu genuen barne hausnarketa prozesu ireki batean. Hiru ardatzetan jarri ditugu indarrak: batetik, euskara; izan ere, Azpeitia herri euskalduna dugu, euskara nagusi da gure kaleetan, baina bada zer egin. Kanpo estimulu asko daude euskara baztertzen edo kanpo uzten dutenak, besteak beste, sare sozialak, pantailak, zerbitzuak… Egiteko asko dugu oraindik.

Gure ustez, gure ikasleek eta gazteek, oro har, izan behar dute euskara bazter guztietara eramango dutenak: kaleetara, unibertsitateetara, lanera… euskaraz biziz. Inguruari hau posible dela erakutsaraziz.

Beste alde batetik, kulturartekotasuna. Gure gizartea gero eta anitzagoa dela garbi dago. Errealitate honetaz jabetuta, inklusiboa izango den herri bat izan nahi dugu, denok harremanetan jartzeko bideak egitea dagokigu, jatorria errespetatuz, elkarbizitza jomugan jarriz eta euskara zubi bezala erabiliz. Horretarako, Azpeitia kulturartekotasunaren proiektu garrantzitsu batean sartuta dago UEMA eta HUHEZI-rekin, eskutik helduta. Kilometroen ardatzetan ezinbestekoa da kulturatekotasuna.

Azken ardatza herrigintza da. Herritik sortuak dira ikastolak, eta herrira begira daude. Kilometroen bide honetan, asko dira herri mailan sortutako ekimenak. Bideoklipa nahiz kantua, esaterako, Azpeitian egin dira: Kilometroetako abestia ikasle ohiek osatzen duten Skapaie taldeak sortua izan da eta kantu eta bideokliparen ekoizpena Kulturaz-ekin gauzatu da Dinamo Azpeitiko Sormen Gunean. Herriko hainbat eragilek parte hartu dute bideoklipean.

Laugarren aldiz ospatuko da Kilometroak festa Azpeitian. Zergatik da garrantzitsua horrelako ekimen bat bertan ospatzea?
Ikastolen komunitatearen parte gara, ikusten dugulako behar ditugula ikastolak Euskal Herri osoan. Beskoitzen ikastola behar bada, Tuteran ikastola behar bada, Azpeitian ere behar da. Denok eusten diogulako elkarri. Sare horretako parte izateak ekarpen batzuk egitea ere eskatzen du, jaso eta eman egin behar baita. Aurten gurean dira KMK, aurreko edizioetan baino baliabide falta txikiagoa dugu orain, baina ikastolen existentzia bera ospatzeko festa bat ere badira. Euskararen eta hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarria egitearekin batera. Aldarri horri guk gureak gehitu dizkiogu.

Esan bezala, garai eta testuinguru berri eta aldakorretara egokitzea hil ala biziko kontua da. Nola ikusten duzue Kilometroak jaiaren osasuna gaur egun?
Tokian tokikoa eta garaian garaikoa da osasuntsu egotearen oinarria. Bada, kilometroak ere horretara egokitzen ari dira, osasuntsu jarraitzeko. Nahia eta indarra badagoela ikusi dugu guk Azpeitian.

Azpeitiko ikastolari dagokionez, hain zuzen ere, zeintzuk dira epe labur-ertainean lortu nahi dituzuen helburu nagusiak?
Ikastolaren xede nagusia, pertsonak bizitzarako heztea da. Izateko heztea. Ikasleak beren garapen integralaren bidean subjektu aktiboak izanik, berezkoak dituzten gaitasun pertsonal eta sozialak indartu nahi ditugu Ikastolan, euren potentzialtasuna modu autonomo batean garatzeko. Zoriontasuna helburu. Gure hezkuntza proiektua euskalduna, anitza eta garaira egokitua da.

Eta zein dira etorkizunean aurreikusten dituzuen erronkarik nabarmenenak?
Etengabe aldatzen doan gizarte honetan modu osasuntsuan eragin nahi dugu errespetuz, konfiantzaz, arduraz eta konpromezuz. Denona eta denontzat den ikastola bat garenez, aniztasunean eta kulturartekotasunean jarri nahi dugu azpimarra, euskaratik eta euskaraz, euskal kulturan eta euskal nortasunean sakonduz, nazio ikuspegia oinarritzat hartuta.

Hezkuntza proiektuari dagokionez, bestalde, zein dira ezaugarri nabarmenenak?
Gure Hezkuntza Proiektuaren ezaugarriak honela laburbildu ditzakegu: hezkuntza integralaren bidean eredu propio bat osatzen dugu, aniztasunari modu egokian erantzungo diona eta hezkuntza komunitate osoaren parte hartze zuzena bultzatzen duena. Herrigintzan murgilduta dagoena, gure hizkuntza, kultura eta izaera zabalduz. Gizartearen beharretara egokitzen den izaera berritzailea du gure proiektuak.

Azpeitia euskararen arnasgune bat izan da historikoki. Zein da gaur egun hizkuntzaren egoera?
Azpeitian ere nabaritzen da gizartea aldatzen ari dela, eta horrek eragin handia du hizkuntzaren egoeran. Guk argi dugu erronka potoloa dugula esku artean. Horregatik gaude kulturartekotasuna lantzeko proiektuan. Eta gure urteko hiru ardatzetan ere horixe hartu dugu, kulturartekotasuna. Garaiotan gu berri bat sortzea dagokigu; euskarazko gu bat izan behar du, euskara elkarrenganako zubi dugula. Eta pantailen auzia ere hor dago,, eta hemen ere eragina du.

Azkenik, urriaren 6ari begira, zein dei egin nahi diezue Azpeitira hurbiltzeko asmoa duten herritarrei?
Argi esan nahi dugu ez dugula inolako erasorik onartuko. Etortzen den guztiak aniztasunean, askatasunean eta errespetuz gozatzea nahi dugu. Ondo pasatzeko eguna izango da. Prest gaude, aparkalekuak prest ditugu, jan-edana prest, eta denok ongi pasatzeko moduko egitaraua osatu dugula uste dugu. Etorri, eta ondo pasatu euskaraz!