Portugalgo Ericeira eskualdean aurkitzen den Riveira D’Ilhas eskuin olatuan lehiatu ziren pasa den astean Challenger Series mailako 80 mutil eta 48 neska. Bi metroko olatuak izan ziren egunik hoberenean, baina urriaren seian olatuen tamainak behera egin zuen eta metro bateko olatuetan lehiatu ziren azken txandetara iritsi ziren surflariak.
Nesken kategorian Sally Fitzgibbons nagusitu zen eta, ondorioz, rankingeko buru izaten jarraitzen du australiarrak. Ez da aldaketarik izan nesken CS rankingeko lehen bost postuetan; beraz, aurtengo zirkuitua amaitzeko txapelketa bakar baten faltan, Nadia Erostarbe zarauztarrak oraindik lehen mailara igotzeko aukera izaten jarraitzen du.
Mutilen kategorian, denboraldi erdian bigarren mailara jaitsi zen Samuel Pupok irabazi zuen txapela Ericeiran eta, lortutako emaitzari esker, CS rankingeko lehen postura igo da brasildarra. Portugalgo txapelketaren ostean aldaketa ugari izan dira mutilen rankingean, eta lehen mailara igo daitezkeen lehen hamar lehiakideen izenak ere aldatu dira.
Hurrengo urtean lehen mailan izango diren lehiakideen zerrenda zehazteko txapelketa erabakigarria, alegia, CS itzuliko azken lehiaketa, urriaren 12tik 20ra bitartean egingo da Brasilgo Saquarema hondartzan. Horren ostean, lehen mailara igoko diren bost neska eta hamar mutilen izenak jakin ahal izango dira.
Pupo txapeldun
Bi brasildar eta bi australiar iritsi ziren finalerdietara mutiletan, eta txanda bakoitzean brasildar bat eta australiar bat lehiatu ziren. Txanda batean australiar bat nagusitu zen eta bestean brasildar bat. Gauzak honela, Callum Robson eta Samuel Pupo izan ziren buruz buru Portugalgo finalean. Bi lehiakideek lehen mailan hasi zuten aurtengo denboraldia, baina bosgarren txapelketaren ostean egin ohi den mozketarekin bigarren mailara jaitsi ziren, eta egun, berriz ere lehen mailara itzultzeko borrokan ari dira.
Lehen maila osatzen duten 26 mutiletatik soilik lehen 22 lehiakideak sailkatzen dira hurrengo urterako, eta Pupo 23. postuan zenez, bigarren mailara jaitsi zen. Robson ere bigarren mailara jaitsi zen, denboraldi erdiko mozketa egiteko orduan 30. postuan baitzen. Beraz, punta-puntako bi surflari izan ziren Portugalgo finalean.
Pupok 14’50 puntu bildu zituen bere bi olatu hoberenekin, eta Robsonek 11’86 puntu eskuratu zituen. Bi surflariek 23 urte dituzte eta biak eskuin surflariak dira, beraz aurpegiz aritu ziren Riveira d’Ilhaseko olatuetan, baina azkenean brasildarra nagusitu zen.
Fitzgibbons nagusi
Nesken kategorian, alemaniar bat, estatubatuar bat, frantses bat eta australiar bat iritsi ziren final erdietara. Alde batetik, Fitzgibbonsek Noah Klap alemaniarra kaleratu zuen eta, bestetik, 13 urte baino ez dituen Tya Zebrowsky frantsesak Kirra Pinkerton kaleratu zuen. Noah Klap eta Kirra Pinkertonek gonbidapen “wildcard” bana jaso zutelako parte hartu ahal izan zuten Ericeiran; ondorioz, esan daiteke Fitzgibbonsek hasi berriak izan zituela aurkari azken bi txandetan. Aitzitik, olatuak narrasak ziren eta ez zioten erraztasunik eman australiarrari txapela irabazteko.
Portugalgo txapelketa aitzin nesken CS rankingeko buru zen Fitzgibbons, beraz, eskuratutako azken txapelari esker, lehen postuan egonkortzea lortu du australiarrak, eta hurrengo urtean lehen mailan izango da. Berekin batera, CS rankingean bigarren eta hirugarren postuan diren lehiakideak ere CT mailan izango dira, lortutako puntuei esker lehen mailara igotzeko plaza ziurtatu baitute. Nesken mailan CS rankingeko lehen bost lehiakideak igotzen dira CT mailara; beraz, oraindik beste bi plaza daude airean eta horietako bat Nadia Erostarbe zarauztarrak eskura dezake.
Erostarberen aukera
Nesken kategorian lau euskaldun lehiatu ziren Portugalen. Ariane Ochoa, Gonzalez Etxabarri ahizpak eta Nadia Erostarbe. Emaitza hoberena Erostarbek eskuratu zuen, final laurdenetara iristeko zorian izan baitzen, baina ezin izan zuen Noah Klap alemaniarra mendean hartu. Gainontzekoak lehen errondan kaleratu zituzten. Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri ahizpak, gainera, elkarren kontra lehiatu behar izan ziren, eta biak kaleratu zituzten.
Orain galdera da Erostarbelehen mailara igotzeko zer gertatu behar den. CS itzulia osatzen duten sei txapelketetatik bi emaitza hoberenak hartzen dira kontuan. Zarauztarra bi bider iritsi da final erdietara eta beste bi bider final laurdenetara; ondorioz, rankingeko lehen bost postuetako batean mantentzeko, gutxienez final erdietara iristea zen bere helburua Portugalen. Helburua lortu ez zuen arren, bosgarren postuan jarraitzen du Erostarbek.
Ericeiran Erostarbek baino emaitza hobea lortu zuten lehiakideak muturreko bi multzotan sailka daitezke. Batetik, rankingean oso behean ziren lehiakideak, edo hasi berriak, eta bestetik, rankingeko lehen postuetan ziren lehiakideak. Horregatik ez da postuz jaitsi zarauztarra rankingean. Seigarren, zazpigarren edo zortzigarren postuan ziren lehiakideek emaitza hobeak lortuko balituzte, ordea, ezinbestean behera egingo luke zarauztarrak, eta hori da, hain zuzen ere, oraindik indarrean den arriskua.
Alegia, Erostarbek lehen mailara igotzeko emaitza on bat behar du CS itzuliko azken txapelketan, gutxienez final erdietara edo finalera iritsi behar du. Hori lortzen ez badu, aukera bakarra izango da bere atzetik dauden lehiakideek emaitza txarrak lortzea.
Nortzuk dira zarauztarraren ametsa zapuzteko aukera gehien duten lehiakideak? Egun rankingean laugarren postuan den Erin Brooks kanadarra da, Erostarberekin batera, lehen mailara igotzeko aukera gehien dituen surflaria, baina azken txapelketak hankaz gora jar dezake rankinga. Izan ere, asko dira, azken txapelketa irabaziz gero edo finalera iritsiz gero, Erostarbe eta Brooks gaindi ditzaketenak.
Zarauztarra azken txapelketan final erdietara edo finalera iristen ez bada, ranking orokorrean seigarren eta hamalaugarren postuen artean diren lehiakideek nahikoa dute txapelketa irabaztea edo finalera iristea, rankingeko lehen bost postuetako bat eskuratu eta lehen mailara igotzeko.
Hortaz, oraindik aukerak baditu Erostarbek lehen mailara igotzeko. Hala gertatuko balitz, Hego Euskal Herriko lehen neska izango litzateke CT mailan lehiatzen. Aurrez, Pauline Ado lapurtarra zortzi urtez lehen mailan izan zen.
Challenger Series itzuliko azken txapelketa urriaren 12an hasiko da Brasilgo Saquarema hondartzan. Han erabakiko da hurrengo denboraldian lehen mailan lehiatuko diren surflariak nortzuk izango diren.