Durangoko Udalak eta Lakuako Osasun Sailak asteartean agerraldia egin dute batera, udalerriko tabernetan fentaniloak eragindako intoxikazioekin lotutako salaketarik edo gorabeherarik izan ez dela oso argi uzteko. Honekin gezurtatu egin dute sare sozialetan eta mezularitza aplikazioetan bolo-bolo ibili den informazioa. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak berretsi dute ez dutela salaketarik jaso, eta Osakidetzak nabarmendu du ez duela fentanilo-kontsumo kasurik artatu.
«Ostalaritza-establezimenduetan pertsonak drogatzeko fentaniloa erabiltzea aipatzen duen mezua faltsua da, eta herritarren artean alarma eta nahasmena sortzea du helburu», Mireia Elkoroiribe alkateak eta Jon Guajardo Barrualde-Galdakao ESIko kudeatzaileak azpimarratu dutenez. Bolo-bolo ibili den mezuaz, argitu du, gainera, bertan aipatzen den kasua «ez dagokiola urriaren 4ko asteburuari, irailaren 28-29koari baizik».
Gaineratu du Durangoko EAGren eta Galdakaoko Ospitalearen datuak aztertuta egiaztatu dutela «ez zela izan bere borondatez edo haren aurka fentaniloa kontsumitu zuen pazienterik, ezta kontsumoarekin bateragarria den sintomarik agertu zuenik».
Udalak zein Osasun Sailak azpimarratu dute garrantzitsua dela horrelako mezuak ez zabaltzea informazioa iturri ofizialen bidez egiaztatu gabe.