NAIZ
LEZO

Gaintxurizketako pasabidea «hil ala bizikoa» dela salatu zuten bizilagunek

Gaintxurizketa banatzen duen GI-636 errepidean azken urteetan zazpi pertsona baino gehiago hil dira. Bizilagunek irtenbideak eta hauek eraikitzeko epeak eskatu dizkio Gipuzkoako Aldundiari.

GI-636 errepideak Gaintxurizketa aldez alde banatzen du.
GI-636 errepideak Gaintxurizketa aldez alde banatzen du. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Lezo eta Hondarribia artean zazpi lagun hil dira azken bi urteotan. Bideak ez du argiztapenik, 90 km orduko abiaduran joatean dira ibilgailu asko, eta inguru honetan Eusko Trenek duen geltokira heldu ahal izateko, ezinbestean, errepidea zeharkatu behar da. Eta gauza bera, inguruko industriagunera joan nahi dutenentzat.

Gaur bertan da Gipuzkoako Batzar Nagusietako gaitegian Gaintxurizketa banatzen duen GI-6336 errepidearen eztabaida. Hau dela eta, joan den astelehenean elkarretaratzea egin zuten bertako bizilagunek, erakundeen immobilismoarekin haserre. Atzo NAIZ Irratian izan zen Ioseba Ulazia Gaintxurizketako bizilaguna, eta Aldundiari «hitz potoloetatik ekintzetara» pasatzeko exijitu zion.

HITZAK BAI, IRTENBIDERIK EZ

Abuztuko heriotzaren ondoren, bizilagunek aldaketak espero zituzten: «Azken elkarretaratzea egin ondoren, aldaketaren bat ikusiko genuela espero genuen, pibote batzuen bidez bidea egitea oinezkoentzat, adibidez. Baina berdin jarraitzen dugu». Eta gaineratu zuen, istripuak gertatu izan diren lekuaren ondoan bizi den kide batek kontatu ziela industriagunera lanera joateko bidea zeharkatu nahian 20 minutu ere egoten dela jendea.

Pasatu den ostiralean Foru Aldundiak eta bizilagunek bilera egin zuten, baina «hitz politez harago» ez zutela ezer zehatzik lortu azaldu zuen Ulaziak. «Hamabost urte daramatzagu arazoa konpontzeko eskatzen. Hitz politak jasotzen ditugu, eta guk epeak eskatzen ditugu. Pasabidea egiten hastea nahi dugu, eta ingurua irisgarri egitea. Urteetan abandonatuta eduki gaituzte, eta lortu dutena izan da auzoa antolatzen hasi eta aldarrikapenak indartsuagoak egitea», azaldu zuen. Alternatiben bila jarraituko dutela adierazi zuen, instituzioek neurri zehatzak hartu arte.