Iraitz Mateo

Pantailaren atzeko lana ekarri du argitara Paul Urkijok ‘Irati filmaren artea’ liburuarekin

Arrakastatsua izan da Paul Urkijo zinema zuzendariaren ‘Irati’ filma. Festibal ezberdinetan eta zinema areto asko igaro ostean, liburu formara iritsi da orain, filmaren lan artistikoa azaldu asmoz. Asteazken goiz honetan aurkeztu du liburua Urkijok Donostian: ‘Irati filmaren artea’.

Paul Urkijo, ‘Irati filmaren artea’ liburuaren aurkezpenean.
Paul Urkijo, ‘Irati filmaren artea’ liburuaren aurkezpenean. (Gorka Rubio | FOKU)

«Zinea gezurra da», baieztapen indartsua bota du Paul Urkijo zinema zuzendariak asteazken goiz honetan ‘Irati filmaren artea’ liburuaren aurkezpenean. Pantailan ikusten dugunaren atzeko lana ekarri nahi izan du argitara ‘Irati’ filmaren lan artistikoa bildu duen liburuarekin. Ez da gezurra pantailan ikusten dugun guztia, baina zuzendariak baditu sekretuak, eta batez ere badu itzaleko lana, horiek kontatu ditu 223 orrialdetan zehar. «Filmean gauza batzuk ez dituzu ikusten, eta liburuarekin ikusiko dira», azaldu du.

Filmaren kolore paletatik hasi, kobazueloetako marrazkietako bozetoetatik igaro, jantzitegiko bitxi txikienaren detailea zeharkatu eta filmean erabiltzen den euskararen eta hau ahoskatzeko modua ere jasotzen du liburuak. Filma egiteko erabilitako material guztia bildu du Urkijok: «Pelikulak kapa pila bat ditu, matriuskak bezalako filmak egiten ditut, sinbolo eta sakontasun ikonografiko handikoak». Eta kapa horietako bakoitza eskuzabal jarri ditu orain irakurleen eskura.

Liburua egiteko abiapuntua dossierrak izan dira zine zuzendariarentzat, izan ere, kontatu du ekoizleak «konbentzitzeko» lan asko egin behar izaten duela txostenak idazten, eta bere euskarri nagusia marrazkia izaten denez, material asko zuela. Euskal Herrian filmen liburuak egiteko ohiturarik ez dagoela kontatu du, baina zine fantastikoan ohikoa dela, eta bera horrelako liburuen oso zalea izenik, urratsa ematea erabaki duela.

Alex de la Iglesia zinema zuzendariaren hitzaurrearekin hasten da liburua, eta jarraian Urkijoren beraren sarrera du, filmaren nondik norakoak eta euskal mitologiaren gaian berak izandako erreferenteak azaltzen dituena: Juan Luis Landa, Su ta Gar, Kalabaza Tripontzia, Benito Lertxundi…


Koloreak, jantziak eta irudimena

Koloreen paletaren inguruko nondik norakoak jasotzen ditu hurrengo atalak. Aurkezpenean ere azaldu du zein kolore paleta eta zein estrategia erabili duen: «Herriaren paleta urdinxka eta zerutiarra adibidez, kristaua eta patriarkala; ingurune naturaletan udazkeneko tonu urrekarak dira nagusi eta landareen berdeak; ingurune paganoetako tonuen gaman, kolore urrekarak eta gorriak dira nagusi».

Orreagako batailaren eszena ikuslearen arreta eskuratzen duen gertakaria da, aurkezpenean Urkijok kontatu du aurrekontua izaten dela horrelako eszenak grabatzeko zailtasun nagusia: «Aurrekontuak ez du ematen bataila batek behar dituen figurante guztiak kontratatzeko, soluzio artistiko bisualak erabili behar izaten ditugu». Plano sekuentzia faltsu bat egin zutela aitortu du, eta ondoren, efektu bereziekin zeuden figurateak biderkatu zituzten.

Nerea Torrijos arduratu zen jantzitegiaz ‘Irati’ filmean, eta Urkijoren bozetoetatik Torrijosek egindako jantzien argazkiak biltzen ditu pertsonaien eta jantzien atalak. Familia bakoitzaren enblemak eta ikurrak ere landu dituzte liburuan. Pertsonaiei dagokionean, aurkezpenean zuzendariak aitortu du kasu batzuetan oso argi zuela zein izango zen aktorea, Eneko Sagardoyrenean edota Itziar Ituñorenean esaterako. Eta beste kasu batzuetan, castinga egin zuela, hori izan zen Edurne Azkarateren kasuan, «baina lehenengo frogan ikusi nuen bera zela Irati», kontatu du.

«Sinbolismoa asko landutako zerbait izan da, gure mitologiaren eta munduko mitologiaren sinbologiak lotzen ere saiatu gara», adierazi du Urkijok eta Mari pertsonaia jarri du adibidetzat. Izan ere, Mariri «zentralitatea eman eta omenaldia» egin nahi ziola aitortu du. Bere iritziz, askotan, «ipuin erromantikoak» kontatu izan dira Mariren inguruan, eta berak beste ikuspegi bat eman nahi zion: «Alderdi antropologikoa erakutsi nahi nuen, Marik besarkatu ahal zaitu, baina baita akabatu ere. Ederra eta bortitza da aldi berean».

Lokalizazio naturalak

Urkijok argi zuen lokalizazio naturaletan egin nahi zuela lan, bere filmean natura ere protagonista delako. Aralarren, Irati basoan edota Oñatik grabatu dituzte, baita Huescan ere, baina garai batean Nafarroako Erresumaren zati zenez, Urkijok irri artean esan du guztia Euskal Herrian grabatua izan dela. Lokalizazio bakoitzean landu beharreko atrezzoa, uneko aldaketak eta ondorenera, digitalki egin beharreko konponketak izan ditu besteak beste aipagai. Baina batez ere, ahalik eta eremu natural ederrenak bilatzeko egindako ahalegina azpimarratu du, «tokia ederra denean, epika ematen dio eszenari».

Errodajea fisikoki ere «gogorra» izan dela azaldu du, eta ingurune naturaletan grabatzearen zailtasun gehigarriak kontatu ditu: «Esate baterako, kobazulo barruan grabatzeko, 20 minutuz joan behar genuen lur azpira, eta egun osoa han pasatu behar genuen, igotzen eta jaisten denbora asko galtzen genuelako. Botilak genituen gure izenekin, pixa eta bestelakoak bertan egiteko».

Interes handia sortu duen beste atal bat euskararena da, ‘VIII.mendeko euskara’. Bertan azaldu ditu zuzendariak erabaki bakoitzaren arrazoiak eta zein hizkuntza estrategia jarraitu duten. Tartean, hitzak ahoskatzeko aktoreei emandako jarraibideak ere jasotzen ditu liburuak.

Liburuarekin batera, filma ikusteko deia egin du zuzendariak, jada Primeran plataforman dagoela gogoratu du eta gomendio bat egin du: «Euskaraz entzun, noski, baina jarri euskara batuko azpidatziak, lagungarriak dira».