EAEko 30 bat elkarte, sozietate zientifiko eta elkargo profesionalek bat egin dute ‘Faltan botatzen dugu’ ekimenean, zaintza aringarriak hobetu daitezen eskatzeko. Ostiral arratsalde honetan lehen ekimen publikoa egin du plataformak: elkarretaratzeak egin dituzte Bilbo, Gasteiz eta Donostian, eta instituzioei zuzendu zatzaie, bizitzaren azkenetan dauden pertsonen ongizatea duinduko duen Zaintza Aringarrien Lege bat sortu dezatela eskatzeko.
Erkidegoko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 22.000 pertsona daude bizitzaren azken fase horretan, baina %25ak soilik ez du «euren beharretara egokitutako zainketa plan bat», plataformak ohartarazten duenez. Hala, ‘Faltan botatzen dugu’ taldera batu diren pazienteen elkarteen, osasun-erakundeen eta gaiarekin konprometitutako pertsonen ustez, EAEko zaintza aringarrien sistemak «akats larriak» ditu.
Zehazki, hiriburuetan egin zituzten elkarretaratzeetan ohartarazi dute zaintza aringarrien inguruko kontzientzia falta dagoela. Honen ondorioz, zaintzaileek babesa falta dute, «bakarrik sentitzen dira askotan, beren senideak laguntzeko baliabiderik gabe», taldearen esanetan. Gaineratu dute baliabide falta dagoela, halaber, ospitaleetan, bai material aldetik eta baita zaintza aringarrietan formatutako profesionalen kasuan ere. Bestalde, ohartarazi dute pertsona guztiek ez dutela bermatuta zaintza aringarriak jasotzea.
«Zoritxarrez, asko aurreratu dugun arren, batzuetan zainketa aringarrien baliabideak ez dira iristen premia duten pertsona guztiengana, edo ez dituzte sufrimenduaren dimentsio guztiak jorratzen, edo ez dituzte gaixotasunaren fase guztiak estaltzen», agertu dute elkarretaratzeetan.
Eskaera zehatzak instituzioei
Akats horiek guztiak konpon daitezela sustatzeko sortu da plataforma, eta Donostiako Boulevard-ean egin duten elkarretaratzean ziurtatu dutenez, «pertsona guztiek kalitatezko zainketa aringarriak jasotzeko duten eskubidea bermatuko duen» Zaintza Aringarrien Lege batek ekarriko du azkenetan dauden pertsonen eta zaintzaileen bizi baldintzak duintzea. Lege hori dute faltan, beraz, berau sortzeko prozedura abiatu dezala eskatuko dio plataformak Gasteizko Legebiltzarrari.
Funtsean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) gomendatzen duena bete dadila nahi du plataformak, hots, zaintza aringarrien arloan berdintasunezko eta kalitateko arreta bermatzea. Hortaz, legea sortzea ez da instituzioei egingo dien eskaera bakarra. Lakuako Osasun kontseilaritzari eskatuko dio gehiago inbertitu dezala baliabideetan, ospitaleetan, egoitzetan eta etxebizitzetan arreta aringarria bermatzeraino. «Pertsona batzuek gutxiago sufrituko lukete behar zuten arreta aringarria jaso izan balute. Familia batzuek hobeto lagun zezaketen hiltzen ari dena, azken etapa hori lasaiago biziko zuketen, eta haien dolua eramangarriagoa izango litzateke, baliabide horiek eskuratu izan balituzte», ziurtatu dute plataformako ordezkariek Donostian.
Halaber, zaintzaileei babes gehiago eskaini diezaiela eskatuko dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailari; tartean, babes psikologikoa, laborala eta ekonomikoa eta, horretarako, aldarrikatuko du baliabide sozial eta ekonomikoak jasotzeko egin behar duten bidea erraztu dezala. Hezkuntza eta Unibertsitateen kontseilaritzari, bere aldetik, galdegingo dio sartu dezala zaintza aringarrien formakuntza ikasketa soziosanitarioen curriculumean.
«Uste dugu gizarte aurreratu bat gizabanako ahulenak sostengatzen dituena dela», ondorioztatu dute ‘Faltan botatzen dugu’ taldeko kideek.