Urriaren 12a «ospakizunerako eguna izatetik urrun» Nafarroa osoko gazteak bildu ditu Ernaik Tafallan. «Hispanitatearen esanahi ororen aurkako borroka eguna da guretzat. Izan ere, mota guztietako zapalkuntzak omentzen dituen eguna da gaurkoa: erroan sarraski koloniala, hizkuntza zein kulturaren inposizioak eta herrien ukapena dituena», nabarmendu dute Tafallako kaleak zeharkatu dituen manifestazioaren ondoren egin duten ekitaldian.
«Borroka antiarrazista, borroka antifaxista da. Eta argi utzi diegu, hemen herri bat dago. Eta herri hau antidekoloniala, euskalduna eta antifaxista da, eta izango da», azpimarratu dute, gaur Euskal Herrian zehar antolatu diren mobilizazio antiarrazistei aitortza egin ondoren.
«Balio eta ideia erreakzionarioak zabaltzen ari diren momentu batean aurkitzen gara. Sistema heteropatriarkal, kolonialista eta kapitalistaren baitan, zapalkuntzak nahitaezkoak dira. Baino hauek, krisi anizkoitz momentuan, intentsitatez handitzen dira. Beraz, faxismoak ere, intentsitatea handitzen du, sistemaren arduratik fokua desnorabidetzeko asmoz; migrazioaren kontrako mezuak horren adibide argia dira», erantsi dute.
Aurrera egiteko garaia
Egoera honen aurrean aldaketa eta aurrera egiteko garaia dela eta bide horretan ari direla aldarrikatu dute. «Feminismoaren hegemonizazioan, eskubide sozial eta politikoetan, euskararen zabalpenean.. aurrera goaz. Eta honen aurrean, erregimenari erreakzionatzea besterik ez zaio geratzen. Nazioarteko eskuin muturraren gorakari heldu, eta herri oso baten kontra egitea. Beldurra ematen die lurpean nahi zuten Nafarroa zutik ikustea. Eta horren adibide dira Tuterako jaietako txupinazoan ‘Que viva España’ jartzea edo Lizarran, UPNk txoznak debekatzea», azaldu dute.
«Guzti honek erakusten du, Euskal Herrian, faxismoak hartzen duen formetako bat espainolismoaren dela. Eskuinak, ezker independentismoaren kontra jotzea ezinbestekoa baitu balio erreakzionarioek herri honetan leku bat izan dezaten. Eta hori, Nafarroan, herrialdea zatitzetik pasatzen da», gaineratu dute.
Erregimen zaharrari, arrakalak
«Erregimen ustelari arrakalak sortzen ari dizkiogu, fronte ezberdinetatik: euskararen aldeko ekimenetan, zaintza sistema publiko komunitario baten alde lerratzen, eskubide sozialetan aurrera urratsak ematen, palestinar herriarekiko elkartasuna adierazten,... izan ere, ongi antolatutako herriak helburu handiak lor ditzake eta den dena irabaztera goaz», aldarrikatu dute.
«Bultzatu dezagun hamaika ertz desberdinetatik herri honen eraikuntza. Faxismoari ateak itxiko dizkiogu, herriz herri, auzoz auzo, euskal gazteria antolatuz, borroka feministan, borroka transmariboiloan, herrien arteko elkartasunean, eta botere gune guztiak lehiatzen...», deitu dute.
«Gaur Tafallan garaipenerako bidean urrats bat eman dugu. Eta hemendik aurrera, guri, gazteoi, Ernaiko militanteoi, dagokigu herri honen eraikuntzan urratsak ematen jarraitzea independentzia, feminismoa eta sozialismorako bidean», aldarrikatu dute.