Andoni Arabaolaza

JB Liautard protagonista nagusia, CVCEPhotoren hamargarren ekitaldian

Nazioarteko izaera duen mendiko argazki lehiaketa ‘The Dune’ irudiarekin irabazi du JB Liautard argazkilariak. Horrez gain, hirugarren saria lortu du eta Mendi Film-eko aurtengo kartelaren irudia izango da. Heldu den larunbatean izango da sari banaketa, Donostiako Aquariumean.

‘The Dune’ argazkiak CVCEPHOTOren hamargarren ekitaldia irabazi du.
‘The Dune’ argazkiak CVCEPHOTOren hamargarren ekitaldia irabazi du. (JB LIAUTARD)

CVCEPhoto mendiko nazioarteko argazki lehiaketak zenbaki biribila bete du. Alegia, hamargarren ekitaldia du; hamar urteko bidaia berezia, Euskal Herrian bertan sortutako eta nazioartera zabaldu den ekimen honena. Eta 10 zenbakia ematen diogu Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatutako mendiko kultur ekimen honi. Bai, irabazi-asmorik ez duen elkartea izanik, oso zaila da halako ekimen bati eustea. Hori gutxi balitz bezala, ibilbide labur horretan euskal argazki lehiaketa erabat egonkortu da eta mundu zabalean bere txokoa egitea lortu du.

Hamargarren edizioko sari banaketa heldu den larunbatean egingo da, Donostiako Aquariumean, 18.30etik aurrera. Sei egun besterik ez, egitarau oparoa duen ekitaldia ospatzeko. Eta zurrunbilo horretan, makineria guztia prestatzen, zehazten eta mimatzen harrapatu dugu CVCEPhotoko zuzendari Xabier Gardeazabal.

Jakina, tartea atera du GARArekin hitz bi egiteko. Lanpetuta egoteaz gain, oso motibatuta ikusi dugu Gardeazabal, eta adierazi digu, oro har, balorazio ona egiten dutela aurten jasotako irudi kopuruaren eta horien kalitatearen inguruan: «Jasotzen dugun argazki kopurua asko egonkortu da azken urteotan, eta aurten ere ohituta gauden kopuruetan mugitu dira. Kalitateari dagokionez, batek pentsa zezakeen hamargarren ediziora iritsita mendiko jardueren inguruko argazki onenak dagoeneko ikusiak dauzkagula, baina urtez urte gure podiumera iristen diren irudiekin txunditzen jarraitzen dugu. Eta aurten ere horrela izan da».

Gogoratu behar dugu azken ekitaldi honetan 60 herrialdetatik bidalitako mila argazki inguru jaso dituztela. Profesionalek eta zaleek bidalitakoak. Frantzia, Suedia, Italia, Txina, Polonia, Ameriketako Estatu Batuak… jatorri ezberdinekoak, baita Euskal Herrikoak ere. Eta kopuru handi horretatik sarituak aukeratzeko epaimahaikideek «buruhauste» handiak izan dituzte. Denera, hemeretzi irudik jasoko dute aitortzaren bat.

CVCEPhotoko zuzendariak ere horri guztiari azpimarra egin nahi izan dio; besteak beste, badakielako nazioartean erreferente direla: «Oso harro gaude lortutako emaitzarekin, eta horrek energia ematen digu urtez urte lehiaketa hau antolatzen jarraitzeko. Ni hirugarren edizioan hasi nintzen lehiaketaren antolakuntzan laguntzen, eta ez nuen inolaz ere espero zazpi urteren ondoren hemen egongo ginenik. Gure lehiaketaren berri lehen aldiz jasotzean, jendeak ez du sinisten mendi elkarte bateko boluntario taldetxo batek antolatua izan daitekeenik. Uste dut hori dela jaso dezakegun laudorio hoberena. Horretaz gain, lehiaketa honen ezaugarri nagusi bat da argazkia mendi jarduera batekin lotuta egon behar dela. Eta hori egiten gutxi batzuk baino ez gara. Garrantzi handia ematen diogu hartutako oinarri horri».

Bigarren saria, Bilbora

Inolako zalantzarik gabe, argazkilari frantziarra da CVCEPhotoren azken edizioko protagonista nagusia. Izan ere, JB Liautard-en izena hirutan azaltzen da sarituen artean. Hamargarren edizioko irabazlea izan da ‘The Dune’-rekin. Irudian Cusco basamortuko dunek eta horien itzalek marrazten dituzten uhinak agertzen dira.

Bigarren saritua etxeko argazkilari bat dugu: Yhabril Moro. Bilbotarrak ez du hutsik egiten CVCEPhoton, eta aurten ere, argazkiak bidaltzeaz gain, beste aitortza bat jasoko du ‘White Fang’-ekin. Haitzulo baten barrutik eta laino artean ateratzen den highline zinta baten gainean ibiltzen doan funanbulista bat (Alejandro Antolinez) aurkezten digu.

«White Fang» izan da bigarren irudi onena, Yhabril Moro bilbotarrarena. (Yhabril MORO)

Aquariumean egingo den galan Liautard bigarrenez igo beharko da oholtzara; izan ere, ‘Fuego’-rekin hirugarren saria irabazi du. Ikusten denez, erupzioa lehertu den sumendi baten aurrean eta maldan behera doan rider baten profila erakusten du. Kilian Bron da aipatutako bi irudi horietako riderra; hots, mundu zabalean sona handia duen espezialista.

Gardeazabalek iritzia eman nahi izan du hiru irudi hauen inguruan: «Argazkiok, berez, txundigarriak izateaz gain, oso originalak dira; ohiko ekintzei perspektiba eta tankera oso berezi eta artistikoa ematen diete. Horrek guztiak hiru argazki hauek paregabeak bilakatzen ditu, eta epaimahaiak hala baloratu ditu».

Bitxia bada ere, argazkilari frantsesak hirugarrenez beste sari bat jasoko du: Mendi Film-eko aurtengo ekitaldiaren kartelean azalduko da; berriro ere, ‘Fuego’ irudiarekin. Eta, sariekin amaitzeko, berri bat aipatuko dugu. EITB Media sariari buruz ari gara. Erakunde publiko horrek Euskal Herriko argazki onenaren saria banatuko du. Irabazlea Moro bilbotarra da, ‘White Fang’-ekin. Babesle horrek epaimahaiak aukeratutako irabazleen zein finalisten irudiak ETBko Eguraldia/El Tiempo ataletan (baita bere atarian ere) eskainiko ditu heldu den larunbatetik aurrera.

‘Fuego’ argazkiak hirugarren postua erdietsi du. (JB LIAUTARD)

CVCEPhotoren galan sari banaketak indarra izango du; alabaina, Aquariumetik kanpo ere beste ekimen batzuk antolatu dituzte. Gardeazabalek iragarri duenez, lehiaketari ginga jarri nahi diote egitarau oparo horrekin: «Bezperan motorrak berotuko ditugu Donostiako Bulebarrean. Han bertan erakusketa bat jarriko dugu, formatu handian prestatutako 19 argazki onenekin. Bide batez, erakusketa hori gure elkartean ikusgai izango da azaroaren amaiera arte. Urtero bezala, tailer-workshop txiki bat antolatu dugu. Larunbatean izango da elkartean. Saritutako argazkilariek euren lanen inguruan hitz egingo dute. Liautard, Moro, Patricia Valero, Aitziber Narbaiza, Jordi Rullo… gurekin izango dira. Topaketa horrekin bertaratuko diren argazkilari horiei protagonismoa eman nahi diegu. Ederra izaten da haien iritziak eta eztabaidak entzutea. Eta bertaratutakoei mendiko argazkilaritzarako zaletasuna kutsatzen badiete, bada, helburua bete dugu. Eusko Trenbide Sareak babestutako ekimen horretara joateko gonbidapena behar da; gure elkartean jaso daiteke. Azken bost edizioetako argazki saritu eta finalista guztiak liburu batean bildu ditugu. Elkartean salgai egongo da».