NAIZ

Tatuajeen tradizioa galtzen ari da emakume berebereen artean

Komunitate zehatz batekin identifikatzeko edo edertasuna adierazteko funtzioa betetzen dute emakume berebereek historikoki erakutsi dituzten tatuajeak. Tradizioa, ordea, galtzen ari da, besteak beste, korronte salafistak deabruarekin lotzen dituelako betiereko marrazkiak.

Amazigh emakume bat, bere kokots tatuatua erakusten.
Amazigh emakume bat, bere kokots tatuatua erakusten. (AFP)

Edertasunaren eta komunitate baten parte izatearen sinbolo dira Afrika iparraldeko emakume berebereak aurpegian eta eskuetan agertzen dituzten tatuajeak, baina galtzen ari da tradizioa, korronte fundamentalistek zabaltzen dituzten mezuen ondorioz.

«Nik sei urte nituenean, azaltzen ziguten tatuajeak apaingarri politak zirela. Ikatza erabiltzen genuen gure eurpegiak marrazteko. Gero, emakume espezializatu bat ikustera joan ginen; orratz bat erabiltzen zuena marrazkia inprimatzeko, odola atera arte», gogoratu du 67 urteko Hannou Mouloudek, Imilchil herrian.

«Gero egunero zauria belar berde murtxikatu batekin garbitzen genuen, tatuajea osatu arte», kontatu ido AFPri, kokotsean duen marra berde diskretua erakutsiz.

«Guk, hau txikiok, ezin genien malkoei eutsi. Ama bakoitzak besoan estutzen zuen bere haurra, lasaitzeko saiakeran, tatuajea amaitu arte. Gure gurasoek transmititu diguten tradizioa da», adierazi du, halaber, 71 urte dituen Ait Mjane Hannouk.

Talde berebere bakoitzak tatuaje marka propioak ditu, eta horrek «identitate propio bat» ematen dio betiereko marrazkia daramanari, eta «komunitate espezifiko bateko kide» dela erakusten du, esplikatu du Imilchil eskualdearen garapenerako lan egiten duen Akhiam elkarteko Bassou Oujabbourrek.

«Imilchilgo eskualdearen Aït Hadidou tribuan, kokotsean bi edo hiru marra osatzen duten tatuajeekin bereizten dira emakumeak. Lerro hauek, aldi berean, gurutzeak edo puntuak izaten dituzte. Beste tribu batzuetako kideek bestelako apaingarriekin marrazten dituzte aurpegiak», esan dio AFPri, bikote berebere gazteen ezkontza kolektiboa ospatzeko festa egin bitartean.

Bikoteak elkarrekin eserita Imilchil herrixkan, ezkontza kolektiboaren festan.
Bikoteak elkarrekin eserita Imilchil herrixkan, ezkontza kolektiboaren festan. (AFP)

Haraindian zigortuak

Afrika iparraldeko berebereak islamizazioaren aurrekoak dira. «Amazigh» izenak ordezkatzen dute, eta tamazight hizkuntza darabilte. Azken erroldaren arabera (2014), Estatu marokiarreko herritarren laurdenak baino gehiagok erabiltzen du berebereen hizkuntza.

«Afrika iparraldeko amazigh emakumeak esanahi ugari dituen tatuaje batekin bereizten dira», azaldu du Abdelouahed Finigue geofrafia irakasle eta ikertzaileak.

«Lehenik eta behin, edertasunaren nozioa dago: emakumeak, bere tatuajeen bidez, bere edertasuna eta balioa adierazten ditu, gizonezkoarengandik independentea den gizabanako gisa», gaineratu du. Horrez gain, zentzu espirituala ere badute tatuajeek, zehaztu duenez.

«Zirkuluak, adibidez, edertasuna eta unibertsoa ordezkatzen ditu, ilargiak eta eguzkiak tokiko erritualetan garrantzia berezia duten modu berean», agertu du. «Tatuaje hauek gorputzeko atal garrantzitsuenetan eta sentikorretan egiten dira, batez ere kokotsean, kopetan eta eskuetan. Emakume batzuek eremu intimoak tatuatzen dizkiote elkarri, ezkontzarako opari gisa, eta, horrela, senarrarekiko maitasuna eta etxearekiko atxikimendua adierazten zuten», sakondu du.

Emakume berebere bat. (AFP)

Alta, azken urteetan galtzen ari da ohitura hori, «korronte salafistek helarazitako ideien eraginez». Jatorrizko islamerako itzulera aldarrikatzen duen mugimendu honek mehatxu egiten die tatuatutako emakumeei, «infernura joango direla esanez», irakasleak ohartarazi duenez.

Tatuajeak erlijioak debekatutako gorputzaren mutilaziotzat jotzen dituzte fundamentalistek, are, batzuetan «deabruaren liburu» gisa deskribatzen dituzte.

«Horregatik, neskato askok uko egin diote tatuatzeari, arrazoi erlijiosoengatik, baina baita modernitatearekin lotutako arrazoiengatik ere, emakume modernoek ez baitute beren burua tatuatzen. Horregatik, dagoeneko tatuatuta dauden emakume askok ezkutatu egiten dituzte, haraindian zigortuak izateko beldurrez».