«Familia guztiak gezur batetik jaiotzen dira. Betiereko maitasun-, oparotasun- edo, are okerrago, zoriontasun-hitzeman batetik». Izaskun Graciaren ‘Basokoa’ eleberriko lehen esaldia da, bilbotarraren euskarazko lehen eleberri laburraren muinaren berri zuzenean ematen duena. Familia, baserria eta natura hartu ditu ardatz idazleak liburua idazterakoan. Eta bateko zein besteko istorio, sekretu eta misterioek irentsiko dute irakurlea.
Amona hil eta bilobak, Hodeitza eta Nahia, baserrira itzuli dira, lekua hustu eta harekin zer egin erabakitzeko. Baina baserri ondoko basoan urte luzez beren zain egon den «zerbait» esnatuko da. Familiaren gezurraren motiboa, zorigaitzaren motiboa ezagutzera eramango du irakurlea Aritz Galarraga argitaletxeko editoreak azaldu duenez.
Euskal literaturan baserria eta landa eremua «oso presente» egon izan direla azaldu du editoreak, baina normalean, «euskal arima purua» kontatu izan dela; Graciak, ordea beste ikuspegi bat ematen dio eremu horri. Galarragaren esanetan, Graciarentzako «gauzak pasatzen diren lekua da baserria». «Begirada periferiko, fresko, gazte eta femeninoa» du Galarragaren iritziz idazle bilbotarrak.
Graciak berak Donostiako aurkezpenean kontatu du istorioak buruan izaten dituela, eta buelta asko eman ondoren hasten dela idazten. Esaten ez duenak pisu handia hartzen duela azaldu du: «Ez zait gustatzen guztia murtxikatuta ematea, beti uzten ditut kontatu gabekoak, irakurleak bere buruari galderak egin eta bigarren irakurraldi batean gauza berriak topatu ditzan». Eta ehun orrialde eskas dituen eleberri honetan ere irakurleak «puzzle bat» osatu beharko duela kontatu du.
Argi zuen beldurrezko eleberri bat idatzi nahi zuela, bere genero gustukoena baita, eta iruditzen baitzaio euskaraz ez direla beldurrezko edo zientzia fikziozko eleberri aski idazten. Familiak zentraltasuna hartzen du kontakizunean, eta hala azaldu du idazleak ere aurkezpenean: «Buruan dugu familia gizartearen nukleoa dela eta ez da hala, gehiago edo gutxiago familietan arazoak daude eta hori ere kontatu behar da».
Eleberriko bigarren ardatz nagusia naturarena da idazleak jakitera eman duenez; bere iritziz natura ere literatura lan askotan leku «idiliko» edota «norberak bere burua aurkitzeko leku» gisara aurkezten da eta horri ere buelta eman behar zaio: «Beldurra ere hor dago, basoan ere gauzak gertatzen dira». Baina batez ere, «dikotomietan» ez erortzearen aldeko deia egin du, ez duelako hiriguneak zertan beti ona izan eta landa eremuak txarra, edota alderantziz.
Lehen eleberria euskaraz
Alberdaniako editoreak Gracia «idazle elebidun» gisa aurkeztu zuen, izan ere ibilbide oparoa du literaturan, euskaraz nahiz gazteleraz idatzi izan du. Poesia euskaraz argitaratu izan du, baina orain artean, narrazioak gazteleraz argitaratu izan ditu. Kontatu du «apurka» idatzi duela eleberria, «ipuinak edo poesia idaztera ohituta nago, baina idazteko forma berri bat topatu behar izan du eleberriarekin, zaila baina polota izan da».
Hala ere, zehaztu du, euskaraz idatziriko lehen narrazio «ofiziala» dela ‘Basokoa’; ‘Lo que ruge’ ipuin liburua gazteleraz argitaratu bazen ere, ipuinen erdiak euskaraz idatziak eta ondoren itzuliak izan zirela onartu baitu.