NAIZ

Gabriel Arestiren gaztaroko poema argitaragabe bat aurkitu dute

Idazle bilbotarraren jaiotzaren 91. urteurrena bete den egunean, Jon Kortazar EHUko katedradunak Gabriel Arestiren ‘Errota gorria’ poemaren berri eman du. 1955an idatzi omen zuen eta orain arte ez da inoiz argitaratu, Bilboko familia baten artxiboan gordeta egon baita.

Gabriel Aresti poeta eta idazlea.
Gabriel Aresti poeta eta idazlea. (WIKIMEDIA COMMONS)

Gabriel Arestik 1955. urtean idatzitako poema bat aurkitu dutela jakinarazi du astelehen honetan Jon Kortazar Euskal Herriko Unibertsitateko Literatura katedradunak eta poetaren biografoak. Gaur, urriak 14, 91 urte betetzen dira Bilboko idazlea jaio zela.

‘El Correo’ egunkarian berri eman duenez, Kortazarrek poema hori aurkitu du Zubiri Moragues familiaren artxiboan. Dirudienez, lagun talde batek Aizkorrira antolatutako txango batean ezagutu zuten elkar Arestik eta Osane Zubiri Otazuak 1953ko urrian, poetak 20 urte zituela. Poemaz gain, Bilboko idazlearen dedikatutako argazki bat ere gordetzen du Zubiri familiak.

1955ko Gabonetan, Arestik ‘Errota gorria’ poema idatzi zion Zubiriri. Kortazarren ustez, horrek esan lezake bion artean harreman bat existitu zela, nahiz eta hurrengo urtean amaitu zen, antza denez arrazoi ekonomikoengatik. Zubiri familiak ospe handia zeukan Bilbon, baina 1936ko gerraren ostean ondasun guztiak galdu zituen. Osane Zubiriren aita gudaria izan zen eta frontean hil zen 1937an, alaba jaio baino lau hilabete aurretik.

Kortazarrek baieztatu duenez, ‘Errota gorria’ poema laster argitaratuko dute, adituek ikertu ondoren. Dena den, lehenengo estrofak jakitera eman ditu: «Nire laguna,/ errota gorrian,/ eiozu astiro/ nire maitasuna».

2022an Gabriel Arestiren lehen bi sonetoak aurkitu zituzten; kasu honetan Marivi Gaubekaren familiak gordetzen zuen erlijio liburu batean.