Irakasleen Mahai Sektorialean parte hartu ondoren, Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuek Carlos Gimeno sailburuak mahai horretan bertan luzatu dien proposamena baloratu dute. Azaldu dutenez, «ez da nahikoa», baina «abiapuntu bat» izan daiteke negoziazioan sakontzeko. Edozein kasutan, urriaren 29rako deitua duten grebari eutsiko diote momentuz.
Gimenoren eskaintzan sartzen da Haur Hezkuntzako ikasleen ratioak txikitzea, neurri hori pixkanaka bertze mailetara zabaltzeko aukera, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasleak gehitzea (dagoeneko aplikatzen ari diren 1.000 errefortzu ordurekin), eta zama burokratikoa arintzea.
Sailburuak adierazi duenez, 55 urtetik gorako irakasleei saioen murrizketa arautzeko asmoa ere helarazi diete, hiru urteko itun baten proposamena –justu legealdia amaitzeko gelditzen den denbora– osatzen duten bertze puntuekin batera.
23 ikasle
Hezkuntza saila prest dago eskola publiko guztietan ratioa 23 ikasletara murrizteko, HHko bigarren zikloko lehen kurtsotik hasita, 2025-2026 ikasturtean. «Poliki-poliki eta ebaluatuz, neurri hori hurrengo kurtsoetara zabaltzeko eta HHko bigarren zikloan 20 ikasleko ratioa egonkortzeko konpromisoa hartzen dugu», agertu du.
Ratioen jaitsiera hori mailakatua izanen da eta zentroen berrikuntza proiektuen eta curriculumaren berrantolaketaren mende egonen da. Hiru urtero ebaluatuko da emaitza akademikoetan, ikasleen emozio eta gaitasunetan, eskolaren giroan zein irakasleen ongizatean zein eragin duen ikusteko, baita proposamena gainbegiratzeko ere.
Sindikatuek Hezkuntza sailak egindako urratsa baloratu dute; «puntu horiek guztiak fintzeko definizio zehatz eta zuzen bat» eskatu dute, ordea. Orain, sindikatu bakoitzak bere azterketa eginen du. Gero, sindikatuen arteko batzordean ados jarri, eta beren ekarpenak bidaliko dituzte ostiral honetan.
Datorren asteartean, urriaren 22an, eginen duten bileran azalduko diote sindikatuek Gobernuari formalki beren jarrera.
Gimenok, bere aldetik, defendatu du neurri horiek guztiek irakasleen lan baldintzak eta hezkuntza sistema hobetuko dituztela. Urriaren 29ko greba bertan behera gelditzeko konfiantza duela ere azaldu du, «grebak ez baitu Gobernuaren bide-orria aldatuko eta, aldiz, Nafarroako eskola publikoa kaltetuko baitu».