NAIZ

Ander Ganzabal orozkoarrak saltoa emango du Laboral Kutxatik Euskaltel-Euskadira

Ander Ganzabal (2000, Orozko) Euskaltel-Euskadi taldean arituko da hurrengo bi denboraldietan, 2025ean eta 2026an, azken bi urteetan LABORAL Kutxa multzoan hazi ondoren, emaitza bikainak lortuta aurten. Euskal taldeak datorren urterako lehen fitxaketa baieztatu du, beraz.

Ander Ganzabal, Laboral Kutxako maillotarekin.
Ander Ganzabal, Laboral Kutxako maillotarekin. (Oskar MATXIN)

Ander Ganzabal orozkoarra Euskaltel-Euskadi taldean arituko da hurrengo bi denboraldietan, 2025ean eta 2026an, azken bi urteetan Laboral Kutxan hazi ondoren, aurten emaitza bikainak lortuz, gainera. Modu honetan, euskal txirrindularitza taldeak datorren urterako lehen fitxaketa baieztatu du.

Ganzabal aurten «tropel amateurreko erreferentzietako bat» izan dela nabarmendu dute taldeko iturriek, martxoan hasita -Lizarran garaile-, irailera arte -Seguran bigarren-, eta erregulartasun horrek Euskaldun Txapelketaren garaipena eman dio.

Ander Ganzabalen hitzetan, «Euskaltel-Euskadi taldearekin profesionaletan debuta izateko aukera egia bihurtutako amets bat da. Izan ere, lan gogorraren fruitua da eta oso pozik nago helburu hori lortzeagatik».

Triatloitik etorrita, «hiru urteko garapena» izan dela adierazi du: «Lehenengo urtea egokitzeko izan zen eta azken bi urteotan Laboral Kutxarekin asko ikasteko aukera izan dut eta emaitzak politak lortu ditut, batez ere aurten, Gorla garaipena, Aiztondoko podiuma, Circuito Montañes bezalako itzulia irabazita edota Espainiko txapeldun bilakatuta. Denboraldi ia borobila».

Datorren urteari begira, tropel barruan bere tokia zein den jakitea izango du helburu nagusi, bai eta ikasten jarraitzea ere taldearekin aurrerapausoak emateko. Txirrindulari gaztea eta berria izanik, «oraindik zein txirrindulari mota naizen» finkaturik gabe dagoela esan du, «amateurretan nahiko ondo moldatu bainaiz ibilbide guztietan».

«Eskerrik asko Laboral Kutxa taldeari azken bi urte hauetan aukera ematea haiekin ikasteko, Euskaltel-Euskadiri jauzi hori aukera emateagatik, eta, batez ere, familia eta alboan egunero daudenei, haiek gabe amets hau egia bihurtuta ezinezkoa zelako», adierazi du.

Bestalde, Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak nabarmendu du «etxeko txirrindulariak taldean izateko ilusioa» islatzen duela Ganzabalek: «Oso ziklista osoa da, arnas luzeko ezaugarriak ditu, eta, gainera, euskalduna da».

«Beste urte batez amateur mailan ematea ondo etorri zaio benetan aurrera egin duela erakusteko. Hor dago Espainiako Txapelketa eta egin duen denboraldi guztia, erregulartasuna eta maila erakutsiz; beraz, esperientzia gehiago pilatu du eta jauzia berme gehiagorekin ematen du. Izan ere, lasterketa batzuk lehiatu ditu Euskaltel-Euskadirekin 'stagiaire' gisa, guk pixka bat gehiago ezagutzeko, eta berak ere konfiantza hartzeko, datorren urtearen hasieratik maila berriari egokitzeko», azaldu du.