Donostiako Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu du astearte honetan airearen kalitatea hobetzeko, klima-aldaketa arintzeko eta hiriko isuri gutxiko eremuak arautzeko Udal Ordenantza, onartu diren alegazio bakoitzerako aldaketak sartu ondoren. Honekin, Isuri Gutxiko Eremua arautzen da.
Udalak ohar batean azaldu duenez, espedientea jendaurrean jarri ondoren, hainbat alegazio aurkeztu dira ezarritako epearen barruan. Guztira, jendaurreko erakustaldian zazpi ekarpen jaso ziren, 41 alegazio zehatzekin. Alegazioak aztertu ondoren, 36 ezeztea, hiru onestea eta horietako bi zati batean onestea erabaki da.
Onartutako alegazio horietatik, paragrafo batzuen idazkerari buruzko alegazioak daude, bai eta lehenengo fasean baimena eskatu ahal izango duen interes orokorreko zerbitzuen artean «fisioterapia-lanak» egiten dutenak sartzeko alegazioa ere, besteak beste.
Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, «gaur onartu den tramitea egin ondoren, Udalbatzak ordenantza azaroan behin betiko onartzea eta Isuri Gutxiko Eremua abenduan martxan jartzea aurreikusten da, hasierako fase batean».
Ordenantza indarrean sartzen denean, Udalak hilabete emango du herritarrek araudi berria ezagutu dezaten eta zuzeneko baimenik ez duten pertsonek dagokion baimena izapidetu ahal izan dezaten. Urtarrilean jarriko dira martxan sarbide-kontroleko kamerak, eta urtarrilean eta otsailean araudia betetzen ez duten pertsona guztiek informazio-jakinarazpen bat jasoko dute, arau-hauste bat egin dutela jakin dezaten. Martxotik aurrera ordenantza betetzen ez duten ibilgailuei isunak jarriko zaizkie.
Gainera, azarotik aurrera, Udalak herritarrentzako informazio-gune bat jarriko du Arroka plazako Udalinforen bulegoetan, baita web orri bat ere, kontsultak eta izapideak egiteko.
Onartutako beste gai batzuk
Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du 494.621 euroko aurrekontua duen Bretxako markesina egiteko proiektuaren 2. fasea, eta markesina egiteko obrak Donostiako Sustapena SA sozietateari agintzea.
Gainera, Salamanca pasealekuko baranda ordezteko proiektuari dagozkion obrak kontratatzeko espedientea onartu du, 998.240 euroko lizitazio- aurrekontuarekin eta 6 hilabeteko egikaritze-epearekin. 200 metro baranda berrituko dira, gutxi gorabehera, Kursaaleko zubiaren eta Pasealeku Berrira sartzeko harrizko petrilaren artean dagoen Salamanca pasealekuko tarteari dagozkionak.
Azkenik, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari, Illunbeko b.20.2 lurzatiaren erabilera uztea onartu dute. Onkologikoa eraikinaren eta Donostia Ospitalearen artean dagoen zabalgunean protonterapiako eta kanpo-kontsultetako eraikin berriak eraikitzearekin batera, Osakidetzak eskaera bat egin du Ilunben lurzati bat aparkaleku gisa erabiltzeko. Partzela hori aparkaleku gisa erabiltzeko erakunde lagapen-hartzaileak egokituko du.