Mobilizazioen ostean eta urrian hiru eguneko greba deitu ondoren, Telesonic S.A. lantokian hitzarmen kolektiboa berritzeko adostasuna lortu du ELAk. «Bizkai osoko itunik onena da sektoreko hitzarmenik ez duen sektore baterako. Enpresa hitzarmena prekaritateari aurre egiteko tresna da», azpimarratu du sindikatuak.
Telesonic Euskalduna Jauregiak azpikontratatutako enpresa da. Ikus entzunezko proiektuetan zerbitzuak ematen ditu eta guztira 35 langile ari dira bertan esklusiboki Euskaldunarentzat lanean. ELAk deitoratu duenez, administrazio publikoak, kasu honetan Bizkaiko Foru Aldundiak, zerbitzu publikoak pribatizatzearen aldeko apustua egin du eta horrek lan baldintzak prekarizatzea ekarri du. Enpresak uko egin zionez lan baldintzak hobetzeko hobekuntzak negoziatzeari, lantokian %100eko ordezkaritza duen sindikatuak mobilizazioak eta greba antolatu zituen.
Horrela iritsi ziren asteartean hitzarmena berritzeko akordiora, ELAk ikus entzunezko zerbitzuen sektorean «historikotzat» jotzen dituen edukiekin: soldatak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako KPIaren gainetik daude, eta gutxieneko soldata 25.500 eurokoa izango da 2024an. Horrekin batera, gutxieneko igoerak bermatuko dira KPI negatiboa bada.
Hitzarmenaren eduki nagusiak
Honakoak dira Telesonic enpresako hitzarmen berriaren eduki nagusiak: antzinatasuneko hirurtekoetan kobratutakoaren ehunekoa hirukoizten da; dietak %38,46 igotzen dira; 35 orduko urteko lanaldia; enpresak ez du kanporatuko gaur egun ematen duen zerbitzurik, eta mugak jarriko dizkio kanpora ateratzeari; kontratu partzialak dituzten langileek ordu osagarrien %30 fnkatuko dute zerbitzuan emandako bi urtean behin.
Azkenik, aldi baterako ezintasunaren kasuan, soldata osagarriak %100ean mantenduko dira, eta enpresak baldintza hori bete beharko du negoziatzen jarraitzeko.