NAIZ
Donostia

«Bidegurutze historiko batean» gaudela ohartarazi du Gernika-Palestinak

Hurrengo astelehenean, urriak 21, Euskal Herriko 178 herritan elkarretaratzeak deitu ditu Gernika-Palestina herri ekimenak. Genozidioa geldiarazteko eta konponbidea aldarrikatzeko jendarte zibilak duen aukera baliatzeko garrantzia nabarmendu du.

Gernika-Palestina ekimenak U21eko mobilizazioak aurkeztu ditu.
Gernika-Palestina ekimenak U21eko mobilizazioak aurkeztu ditu. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gernika-Palestina herri ekimenak prentsaurrekoa eskaini du ostiral honetan Donostian, urriaren 21ean Euskal Herriko 178 herritan egingo diren kontzentrazioen ezaugarrien berri emateko. Bertan, Ibon Meñika ekimenaren bozeramaileak eta Leire Vargas kontzentrazioetan irakurriko den testuaren egileak hartu dute parte.

Meñikak gogoratu du ia urtebete igaro dela Gernika-Palestina Herri Ekimena martxan jarri zenetik. «Palestinan gertatzen ari zen sarraskiak astindu gintuen, hildakoen kopuruak beldurtu... urtebete igarota, horroreaz hitz egitera garamatza. Hastapenetik, ekimenaren helburua gure herrian ahalik eta erantzun zabalena eta transbertsalena artikulatzea izan da, garrantzi berezia emanez jendarte zibilaren mobilizazioari, honen bidez gure elkartasuna bideratuz eta instituzioak zein nazioarteko komunitatea interpelatuz», azaldu du.

Urte bat geroago, egungo egoerak «esfortzu honetan ez etsitzea eskatzen» duela nabarmendu du Meñikak. Horregatik, beste behin, berehalako su-etena eta genozidioaren amaiera «ozen» aldarrikatzera dei egin dute astelehenean.

«Bidegurutze historiko batean gaude. Humanitateak une erabakigarria bizi du. Eta guk etorkizuna eta itxaropena eraikitzearen aldeko hautua egin dugu. Ezin gara isilik geratu. Euskal jendartea historiaren alde onean dagoela ziurtatu nahi dugu. Bakearen, justiziaren eta gizatasunaren aldean. Ezinbestekoa dugu munduan eta baita Euskal Herrian ere indarrak batzeko modu masiboan mobilizatzea. Genozidioa geldiarazteko eta konponbidea aldarrikatzeko jendarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe baita: aktibazioa», adierazi du.

Asteleheneko mobilizazio nagusiak arratsaldeko 19.00etan izango dira udaletxeen aurrean. Dagoeneko 178 elkarretaratze antolatu dira: Bizkaian 63, Gipuzkoan 41, Nafarroan 61, Araban 12 eta Lapurdin 1.

Baina horretaz gain, 12.00etan, sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte: Iruñean (Udaletxe plaza), Tuteran (Foruen plaza), Bilbon (Plaza Biribila), Gasteiz (Andra Mari Zuria) eta Donostian (Alderdi Eder). ELA, LAB, CCOO Euskadi eta CCOO Nafarroa, UGT Euskadi eta UGT Nafarroa, ESK, CGT LKN, Steilas, Solidari, EHNE Nafarroa, Etxalde eta Hiru batu dira mobilizazioetara.

Ikastetxe eta unibertsitateetan ere egongo dira elkarretaratzeak.