‘Shinnosuke da mutiko alai-alaia’... Zenbatetan abestuko ote genuen ‘Shin Chan’ telesailaren euskarazko abestia? Oso ume eredugarria ez izan arren, gauzak diren bezala, 2000ko hamarkadan EITBn ematen hasi zirenean Euskal Herriko ume –eta ez hain ume– askoren pertsonaiarik maitatuena izan zen.
Bada Shinnosuke Nohara-ren ibilbideak etenik ez duela dirudi, izan ere ‘Shin Jigen! Crayon Shin-chan’ (gazteleraz ‘Shin Chan: El superhéroe’) estreinatzen den 31. film luzea baita –ongi irakurri duzue bai 31!–. Kasu honetan berrikuntza garrantzitsu batekin dator, izan ere, aurreko guztiak ez bezala, 3DCG animazioan egin da. Arlo teknikoan aurrerapauso handia suposatzen du honek, eta zineman ikusteko beste aitzakia bat.
Oraingoan superbotereekin loturiko istorio bat izango dute oinarri: Shin Chan etxean jolasean ari dela, argi misteriotsu bat gelako leihotik sartu eta haren gainera erori da. Superbotere arraroak eman dizkio, baina berak ez daki.
Euskara (beste behin) baztertua
Aurrerapausoa arlo teknologikoan, baina atzerapausoa hizkuntzaren normalizazio prozesuan. Euskal Herriko milaka ume Shin Chan euskaraz entzuten ohituta badaude ere, film honek, zoritxarrez, ez baitu euskarazko bertsiorik izango; gaztelaniaz bikoiztutakoa soilik estreinatuko da.