Andoni Arabaolaza

Estilo oso garbiz, espedizio batek ekarpen handia egin du hormatzar ezberdinetan

Callum Johnson, Tim Miller eta Simon Smith eskoziarrak eta Miska Izakovicova eslovakiarra izan dira espedizioko protagonistak. Igoera berri guztietan iltzeak eta paraboltak saihestu zituzten. “Mussels for Tea, Packrafts in the Sea” (7b) izan da xede nagusia.

Miska Izakovicova Thumbnaileko helburu nagusiaren hedwall-ean sokaburu.
Miska Izakovicova Thumbnaileko helburu nagusiaren hedwall-ean sokaburu. (Miska IZAKOVICOVA)

Aurreko lan batean Matteo della Bordella, Symon Welfringer, Silvan Schupbach eta Alex Gammeter-ek Groenlandian eginiko espedizioa aipatu genizuen. Gehitu genuen ere, beste talde pare batek uharte horretako hormak helburu izan zituztela. Bigarren taldea lau eskalatzailek osatu zuten: Callum Johnson, Tim Miller eta Simon Smith eskoziarrek eta Miska Izakovicova eslovakiarrak.

Alde guztietatik begiratuta, laukote horrek egin duen espedizioa erabat arrakastatsua izan da. Eskalatzaileok Groenlandiako hegoaldean dagoen Cape Farewell eskualdeari bisita egin zioten, eta ia hilabete egin zuten Torsukattak fiordoaren ingurumarian dauden paretak eskalatzen. Hamar bide berri zabaldu zituzten. Eta horien guztien artean bat azpimarratu behar da: “Mussels for Tea, Packrafts in the Sea”. Maujit Qarqarssasia East-ko edo Thumbnaileko ekialdeko murruan sortu zuten. Horma horrek 1.350 metro ditu, eta, antza denez, munduko itsaslabar garaienetakoa da. Zailtasunari dagokionez, gehienez, 7b maila gainditu zuten; britainiar eskalan, E6 6b.

Hormatzarraren hegoaldeko isurian, berriz, “Texture like Sun” (E3 5c, 800 m) zabaldu zuten egun bateko eskaladan. Gure eskalan 6b+ zailtasuna du. Bi marra berri horiekin batera, etxera beste zortzi ekarri zituzten. E2 eta E5 mailen artekoak; den-denak, Pamialgdluk uhartean, kanpaleku nagusitik gertu, eta Baroness izeneko haranean.

Protagonista hauei dagokienez, aurreratu behar dugu eskoziarrak eskalatzaile zailduak direla. Eskoziako neguko jardueretan zein eskalada tradizionalean ekarpen handiak egin dituzte. Gure ingurumari honetan Izakovicovaren izena ez da hain ezaguna, baina ibilbide bikaina du, batez ere eskalada tradizionalean. Bada, bidaia horretan eskalatzaileok ez diote “iruzurrik” egin eskalada estilo horri. Horrekin esan nahi dugu, zabaldu dituzten ibilbide guztietan iltzeak eta paraboltak saihestu dituztela. Hots, estilo oso garbian jardun dute.

Taldeak bazekien Torsukattak fiordoak bisita batzuk jaso dituela. Espedizio horien txostenek zioten horma ikaragarriak direla eta kalitate handiko bideak daudela. Argi zuten Thumbaileko ekialdeko isuria helburu izango zutela; hots, ukitu gabe zegoen sekzio bat.

Kanpaleku nagusira heldu zirenean, zerua erabat urdin zegoen. Horrek, jakina, lanean hasteko motibazioa eman zien. Packraft edo baltsa puzgarri batekin itsaslabarrera hurbildu ziren. Itsasotik bertatik eskalatzen hasi behar zuten. Nahiz eta baltsa horietan tresneria astuna (bi hamaka, 70 litro ur, soka asko, janaria…) zeramaten, eragozpenik gabe iritsi ziren. Arratsalde horretan bertan hamakak antolatu eta lehen gaua itsas mailatik 40 metrora egin zuten zintzilik.

Laukote horrek aurreratu du biharamunean luze oso ederrak eskalatu zituztela: «Gozatzen ari ginen, baita ohartu ere eskalada ez zela buruhausteak ekarriko zizkigunak. Ez, petateak izan ziren. Tximinien, artesien eta erlaitzen artean poltsa astun horiek igotzea lan eskerga eta deserosoa izan zen. Gutariko batek, uneoro, petate horiek askatzen jardun zuen. Hurrengo egunetan gai hori mantra batean bihurtu zen».

Smith, Miller, Johnson eta Izakovicova “Mussels for Tea, Packrafts in the Sea” bidearen aurrean. (Miska IZAKOVICOVA)

Alabaina, giro ederrean, erritmo oso ona aurkitu zuten. Arrokaren kalitatea bikaina zen eta eskalada eguna ere oso luzea. Ezustekoak ia egunero izan zituzten. Eskaladaren une batean, adibidez, Miller eta Smith aurretik zeudela, arroka batzuk askatu eta horietako batek Izakovicovaren behatz bat izorratu zuen. Egun horretan, eslovakiarra katu-oin bat gabe eskalatzera behartuta egon zen.

Gaua heldu, hamakak antolatu eta bibaka prestatzen zuten. Lau egun zeramatzaten ukitu gabe zegoen bidetik eskalatzen. 800 metro igo ondoren, erlaitz erraldoi batera iritsi ziren. Erlaitz horrek bitan banantzen zuen pareta. Zoritxarrez, eguraldi txarrak harrapatu zituen. Erlaitz hori zeharkatu eta hegoaldetik jaitsi ziren. Baltsak berriro hartu eta kanpaleku nagusira abiatu ziren. Bide horretan izozmendiekin eta balea batekin ezustekoren bat izan zuten. Baina onik iritsi ziren.

Oso garbia

Eguraldi txarrak astebete iraun zuen. Atertu bezain laster, Thumbnailen zuten helburu nagusira berriro hurbildu ziren. Erlaitz erraldoira edo puntu garaienera oso azkar heldu ziren. Eskalatzaileok diote taktika ezberdina indarrean jarri zutela: aurrez aurre zuten horma ekinaldi batean igo. Bi talde osatuta, oso goiz irten ziren. Bi bide paralelo jarraitu zituzten. Miller eta Smith-ek zutoin batetik gertu eskalatu zuten; Johnson eta Izakovicovak, berriz, diedro eta artesi sistema bat jarraitu zuten.

Tontorrean elkartzeko itxaropenarekin bi talde horiek horman zegoen tarte bertikalenari aurre egin behar izan zioten. Protagonistok diote sekzio hori ibilbide berriaren giltza izan zela. Zailtasunean oso iraunkorra da, eta tarte batzuk arriskutsuak ere bai. Britainiar eskalan E4 eta E6 mailen artean zegoen; gure eskalan 6c eta 7b artean. Arreta handiz, eskalatzaileok egunaren azken argi izpiekin gailurra zapaldu zuten. Hots, eskalada osoa amaitu zuten.

Jaitsierari dagokionez, bazekiten ez zela batere samurra izango. Erlaitz batetik jaisten hasi ziren, eta bat-batean aldats pikoekin topo egin zuten: «Rappel bat egin eta gauak harrapatu gintuen. Iluntasunean beste rappel batzuk prestatu genituen. Harrigarria izan zen gertatu zitzaiguna. Lan horietan ginela, aurora boreal batek zerua argitu zuen. Izar iheskorrak ere agertu ziren, eta konpainia horrekin bibakera iritsi ginen. Afaria prestatu eta lo-zakuetan sartu ginen».

“Mussels for Tea, Packrafts in the Sea” bide berriak forma hartu zuen. Protagonistok diote lan horrek asko bete zuela, baina oraindik gosez zeuden marra berriak sortzeko. Astebete erlaitz horretan igaro eta gero, eguraldi txarrak bisita egin zien. Horrek kanpalekuz aldatzera behartu zituen, eta hegoaldeko hormaren oinarrian antolatu zuten beste bat. Horma hori ukitu gabe zegoenez, eskalatzaileei iruditu zitzaien bide berri bat zabaltzea xede interesgarria izango litzatekeela.

Thumbnailera hurbiltzeko espediziokideek packraft-a erabili zuten. (Miska IZAKOVICOVA)

Miller, Johnson eta Izakovicovak osatu zuten taldea. Plaka erraz batzuetatik erritmo ona zeramaten. Zailtasunak iritsi zirenean, abiadura mantsotu zuten. Alabaina, zailtasun horiek ez ziren handiak: «Oso interesgarria zen eskalatzen ari ginena; zailtasunean iraunkorra zen, baina ez oso zaila. Pozik geunden egiten ari ginen lanarekin, besteak beste, eskalada berezia egiten ari ginelako. Dorre batek gailurrera eraman gintuen. Pozarren ginen bizitako eskarmentuarekin, baina haize hotzaren erruz denbora gutxi egin genuen gailurrean. Jaitsiera ez zen batere lasaia izan. Kosta egin zitzaigun ibilbide egokia topatzea, baina, azkenean, bibakera heldu ginen. “Texture like Sun” deitu diogu bide berriari: E3 5c (6b+)».

Bidaia amaitzeko egun batzuk aurretik zituztenez, eskalatzaileak beste bide berrien bila joan ziren; aurrekoak baino motzagoak. Pamiagdluk uhartean, adibidez, “Peaches and Bumcakes” E5 6c (7b, 220 m) sortu zuten.