NAIZ

Euskaraz egindako artea bultzatzeko ‘Geuretik sortuak’ proiektuaren hirugarren edizioa, abian

Azaroaren 25era arte egongo da zabalik idazle, komikigile, antzerkigile eta zinemagileei zuzendutako deialdia. ‘Geuretik sortuak’ kultur bekak euskal artisten sormena eta herri kontakizuna uztartzea du helburu, euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzeko.

Jon Ander Urrestiren ‘Eukalyptus’ antzezlanaren irudia.
Jon Ander Urrestiren ‘Eukalyptus’ antzezlanaren irudia. (Udalbiltza)

‘Geuretik sortuak’ kultur bekaren hirugarren edizioa abiatzear da. Sortzaileentzako izen-ematea urriaren 23an irekiko da eta hilabetez egongo da zabalik, azaroaren 25era arte.

2021ean Udalbiltzak jarri zuen abian egitasmo hau. Udalen partzuergoak ohar batean azaldu duenez, «geure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz».

Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez. Bi urteko beka da: lehenengoa, sormenerako, eta bigarrena, hedapenerako. Hirugarren edizio honek 2025 eta 2026 urteak hartuko ditu.

Bigarren edizioan komikigintza gehitu zitzaien aurreko hiru diziplinei eta oraingoan ere berrikuntzak izango dira. Pasa den edizioan, hautatuetako antzezlan bat kale-antzerkia izango zela erabaki zen. Aurten hala izaten jarraituko du, baina gutxienez antzerkigile edo konpainia hasiberri bat hautatuko da. Hasiberritzat hartuko da aurretik ibilbide profesionalik izan ez duen pertsona edo konpainia.

Hasiberrientzako plazak falta direlako hartu dute erabaki hau, beka «oso tranpolin ona» izan daitekeelako Euskal Herriko plazetara salto egiteko.

Gainerako alorretan, aldaketa txikiren bat izango den arren, antzekoak izango dira oinarriak. Udalbiltzaren helburua euskal sortzaileei beka duin bat ematea denez gero, hirugarren edizio hau baliatuko du sortzaileen beharrei «ahalik eta era duinenean» erantzuteko.

«Arrakasta handia»

Edizio berria aurkeztearekin batera, aurreko bien «arrakasta handia» nabarmendu du Udalbiltzak. 26 sortzaile izan ziren hautatuak lehen edizioan, eta 22 bigarrenean.

Bakoitzak Euskal Herriko txoko batean egin zuen sorkuntza-egonaldia, eta «lan ederrak» irten ziren bertatik: antzerkigintzan, bigarren edizioan ‘Eukalyptus’ (Jon Ander Urresti), ‘Olagarrua’ (Antzerki aroak eta Ttipia) eta ‘Eraitsi S.L.’ (Goitibera) antzezlanak, eta ‘Sexberdinak’ (Tanttaka), ‘Eresia’ (Oier Zuñiga), ‘Bidaide’ (Metrokoadroka), ‘Trapu zikinak’ (Lore More) eta ‘Harri minak’ (Bonbon Beltz) lehenengoan; literaturan, ‘Hamazazpigarrenean aidanez’ eta ‘Hamarreko bitxia’ bildumak; zinemagintzan, ‘Bost teilatu’ eta ‘Lau elementuak’ film laburren bildumak; eta komikigintzan, ‘Hona bostekoa!’ bilduma.