NAIZ

«Ez gara tontoak», helarazi diete pentsiodunek BECen bildutako GPPren biltzarkideei

Global Pensions Programe (GPP) deituriko batzarraren hamaikagarren edizioa ari da ospatzen Barakaldoko BECen. Euskal Herriko pentsiodunek elkarretaratzea egin dute horren aurrean, barruan «pentsio-funts pribatuei» emango zaien bultzada salatzeko.

Pentsiodunak, BECen aurrean.
Pentsiodunak, BECen aurrean. (Raul Bogajo | Foku)

Astearte eta asteazken honetan Global Pensions Programeren (GPP) biltzarra ari da egiten BECen, nazioarteko adituen parte hartzearekin. Zenbait ministro eta Nobel saridun ere bada batzarrean. Baina kontrako aldea kalean ageri da, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzea burutu duelako (bihar ere egingo du), mezu hau helaraziz: «Ez gara tontoak, ez gaituzte engainatzen».

«Parafernalia asko erabiltzen badute ere, aldez aurretik ezagutzen ditugu haien ondorioak: banaketa-sistema publikoak bideraezinak dira, eta kapitalizazio-sistema pribatu bihurtu behar dira. Datu partzialak erabiliz, esango dute eredu publikoa ez dela jasangarria hazkunde demografikoari aurre egiteko, eta pentsio-funts pribatuak sustatzea beste erremediorik ez dagoela, datozen belaunaldiek pentsio berdinak izan ditzaten», salatu dute.

«Ez dute ezer esango aberastasunaren metaketa gero eta handiagoaz soldaten kontura esku gutxiagotan batzen direla, lanaren produktibitatea gero eta proportzio handiagoan enpresa-onura bihurtzen ari dela edo egungo eredu ekonomikoa bidegabea, insolidarioa eta biozida dela; ez dute ezer esango aberastasunaren banaketa ekitatiboan, ekonomiaren eta naturaren arteko elkarrekiko onuran eta lan-prekarietatea, pobrezia eta genero- edo jatorri-arrazoiengatik pertsonen diskriminazioa ezabatzean oinarritutako gizarte-eredu bat eraikitzeaz. Ez dute ezer esango beren proposamenak erabat antidemokratikoak direla eta oinarrizko eskubide sozialak suntsitzen dituztela, negozioen kontuak hobetzeko helburu bakarrarekin», adierazi dute euskal pentsiodunek.

Lakuak bere estrategia aurkeztu du

Lakuako Gobernuak ordezkaritza izan du batzar honetan. José Enrique Corchón Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak zertan ari diren azaldu du. Aurrezpen finalista bultzatu nahi dela nabarmendu du, eta ez aurrezkia: «Horregatik, gure ustez, diskriminazio legal eta fiskal positiboa behar da, eta, ondorioz, erregulazioa espezifikoa ezarri behar da ekarpenetan zein prestazioetan. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeek jasotako aurrezki ez-finalista ez da Gizarte Aurreikuspena sustatzen duen Sailaren negoziatua», eta gaineratu du Gizarte Aurreikuspeneko tresnek gastua justifikatzen duen gizarte-proiekzioa izan behar dutela. «Ahalik eta pertsona gehienengana iritsiko den tresna eraginkor bat sortzea da helburua», ziurtatu du.