Eusko Ikaskuntzak Donostiako Bergara kaleko 19. zenbakian dituen bulego berriak inauguratu ditu, Miramar jauregian hartutako espazioa atzean utzi duelarik 106 urteko ibiltaritzaren ondoren.
Astearte honetan inaugurazio ekitaldian Ana Urkiza lehendakariak adierazi duenez, «egoitza berri honek aldaketa bat suposatzen du: ez bakarrik itxura gaurkotu eta modernoagatik, baizik eta asmoetan ere agerikoa delako kalera irekitzen garela. Irisgarriagoak gara orain: topaleku eta lanerako gunea izan nahi dugu, sinergiak bultzatu eta elkarlanerako aukerak biderkatuko dituena bazkide zein eragileengandik gertuago gaudelarik».
Eneko Goia Donostiako alkatea ere bertan izan da eta honakoa adierazi du: «Donostiaren erdigunean Eusko Ikaskuntza izatea ohore bat da, jakintza eta pentsamendurako ezinbestekoa da».
Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zenetik bere bosgarren egoitza nagusia da Bergara kaleko hau. Lehen etapan, 36ko gerra hasi arte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian egon zen. 1978an berrezarri ondoren, bulegoak izan zituen Txurruka kaleko 7an (1982-1987), Legazpi kaleko 10ean (1987-1994) eta Miramar jauregian (1994-2023).
Azken hamabost hilabeteotan, erakundeak Donostian (Foruen pasealekua) eta Usurbilen (Txikierdi poligonoa) dituen lokal osagarrietan jarraitu du jardunean, behin-behinean. Behin betiko kokagune batean finkatzeko proiektua 2022ko uztailean onartu zuen Bazkideen Batzar Nagusiak.
Erakundeak lokala erakusteko ate irekiak iragarri ditu. Aste osoan zehar, alegia, hilaren 23tik 26ra izango dira bisitatzeko egunak, asteazkenetik ostiralera 16.00etatik 18.00etara bitartean, eta larunbatean goizeko 10.00etatik 13.00etara.