NAIZ

Palestinarekin elkartasun keinuak izateko deia, Realeko jokalariei

Ostegunean Israelgo Estatuaren propaganda tresna den Tel Aviv-eko Maccabiren aurka jokatuko dute txuri-urdinek Belgraden. Europa Leagueko partidan eta atarikoan zale talde batek «genozidioa ez normalizatzeko» kanpaina bat martxan jarri du.

Benficaren aurkako Championseko partidan Bultzadak egindako ekintzaren irudi bat.
Benficaren aurkako Championseko partidan Bultzadak egindako ekintzaren irudi bat. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Gironako garaipen baltsamikoaren ostean, Realak bere Europako ibilbidea zuzendu nahi
du ostegun honetan, nahiz eta zehazki ez duen kontinente zaharreko talde baten aurka jokatuko. Partida Belgraden jokatuko den arren, Tel Aviveko Maccabi izango da Imanolen mutilen aurkaria, Israelgo erregimenak munduaren aurrean estatu normalizatu eta demokratiko baten itxura emateko erabiltzen duen zuta-be garrantzitsuenetako bat. Tradizioz, klub honen saskibaloi sekzioa izan da estatu sionistaren luxuzko enbaxadorea –Baskoniako zaleek urtero pairatu behar izaten dutena–, baina futbola ere «sportwashing» edo zurikeria horretarako tresna ezin hobea da.

Horren aurrean, azken orduetan sare sozialetan indarra hartzen ari den kanpaina baten bidez, Realeko zaletu talde batek «jokalariei eta zaletuei Palestinarekin elkartasun keinuak egiteko eskaera» egin diete.

«Stop Sportwashing, ez dezagun genozidioa normalizatu. Israel, UEFAtik kanpora» leloa duen kanpainarekin Gernika-Palestina sarearen barruan dagoen Donostia-Palestina taldeak Realari eta jokalariei idatzi bat helarazi die, eskaera arrazoituz, egin ditzaketen keinuen zerrenda bat biltzen duena.

Ekimenak, momentuz, dezenteko oihartzuna hartu du Realaren egunerokoa jarraitzen duten kazetarien eta zaleen artean, eta, gehienen iritziz, osteguneko partida aukera aparta izan daiteke Gipuzkoako herritarrek gai honekiko duten jarrera mundu zabalera zabaltzeko.

Ekintza ikusgarria

Ez litzateke halakorik egingo zen lehen aldia izango, iazko azaroaren 8an Realak Benficaren aurka jokatu zuen Championseko partidan Bultzadak ekintza ikusgarri bat burutu baitzuen Anoetan.

Partida hastear zela, harmailaren zati bat hustu eta bertako zenbait kide Palestinako banderekin irten ziren, odolez margotu zituzten buzo zuriak jantzita, Israel Palestinako lurralde okupatuetan egiten ari den sarraskiaren erakusgarri bezala.

Remiroren zain

Kirol alorrari dagokionez, jokalariek atseden eguna izan zuten atzo, eta gaur itzuliko dira Zubietara osteguneko partida hori prestatzeko asmoz. Printzipioz, begirada guztiak Alex Remiro atezainaren gainean izango dira, Montilivin belaunean min hartu eta gero.

Igandean bertan egindako mediku probek erabat baztertu zuten atezain nafarrak ezer larririk duenik bere belaunean, baina ikusi beharko da lesio horren garapena nolakoa den eta ostegunean jokatzeak gerora izan ditzakeen arazoak.

Cascantekoak jokatzerik ez balu, Unai Marrerok beteko luke haren lekua Belgraden. Gainontzean, jakina da Traorek eta Pablo Marinek ez dutela Maccabiren aurka jokatuko, eta ikusteko dago zer gertatzen den Barrenetxea, Aihen eta Arsen Zakharyanekin.