Gipuzkoako pertsona guztiak, batez ere 55 urtetik gorakoak, boluntariotza egitera eta Atzegirekin, adimen urriko pertsonentzako elkartearekin, lankidetzan aritzera gonbidatu nahi dute ‘Orain duzu aukera’ izeneko sentsibilizazio-kanpainarekin.
Asteazken honetan aurkeztu dute Donostian prentsaurrekoan. Bertan izan dira Maite Peña, Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatua; Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendaria; Josean Idoeta, Atzegiko presidentea eta Ainhoa Fiz, Elkartegintza eta Familia Laguntza Zerbitzuko teknikaria eta kanpainaren koordinatzailea.
Azaldu dutenez, urtean zehar 350 lagun inguruk laguntzen dute Atzegin eta boluntarioen lana «ezinbestekoa» da elkarteak eskaintzen dituen jarduerak aurrera eramateko.
Josean Idoeta Atzegiko presidenteak adierazi duenez, historikoki, Atzegin boluntariotza egin duten pertsonak gazteak eta ikasleak izan dira nagusiki, baina azken urteotan 50 urtetik gorakoak ere batu zaizkie. «Pertsona horien balorazioa oso positiboa izaten ari da eta konpromiso handia erakusten ari dira», esan du Idoetak.
Hori guztia dela eta, Atzegik helburua belaunaldi horretan jartzea erabaki du. Izan ere, belaunaldi horrek, oro har, denbora libre gehiago du, «dela egunerokotasunak horretarako aukera ematen dielako, dela seme-alabak jada nagusiak dituztelako edo dela duela gutxi erretiroa hartu dutelako».
Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuarentzat, boluntarioen lanari esker egin dute aurrera jarduerekin duela 60 urte baino gehiagotik. Gainera, «lagundu eta gizarteari zerbait itzuli nahi diotenei» dei egin die, bere ustetan «Atzegik aldea markatzeko benetako aukera eskaintzen du, eta boluntariotza da horretarako modurik onena». «Ahalegin bakoitzak balio handia du», gaineratu du.
Amaiera ekitaldia
Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko den kanpainarako aurreikusitako ekintzen artean, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte boluntariotza egiteko modu ezberdinak erakusteko. Aurten, halaber, informazio-liburuxka bat eta bideo bat diseinatu diutzte, boluntario batzuen egunerokotasuna islatzeko.
Kanpainaren amaierako ekitaldia azaroaren 5ean izango da, 18.30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertan, kanpaina aurkezteaz gain, atzera begiratuko dute azken urtean bizitako guztia errepasatzeko.