Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Memorialera bidean, Martxoaren 3ko beste zazpi zauritu aurkitu eta ondarea bildu dute

Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Garak ehun liburu baino gehiago, 60 aldizkari, 55 ikus-entzunezko dokumentu, ondare materiala eta bideoan grabatutako 70 testigantza bildu dituzte, tartean zazpi zauritu berri. Memoria gunerantz aurrerapausoa da, baina erakundeek ere aurrera egitea falta da.

Egindako dokumentazio lanaren berri emateko Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Garak eskainitako prentsaurrekoa.
Egindako dokumentazio lanaren berri emateko Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Garak eskainitako prentsaurrekoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutako sarraskiaren inguruan San Frantzisko elizan memoria gunea sortzeko aurrerapausoa eman dute Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara ekimenak. Zortzi hilabetean egun hartan zauritutako zazpi pertsona berrirekin harremanetan jarri dira, dokumentuak eta objektuak bildu dituzte eta 70 testigantza baino gehiago bideoan grabatu dituzte.

Hala azaldu dute Nerea Martinez eta Julen Diaz de Argote elkarteko kideek prentsaurreko batean. Martinezek kontatu duenez, joan den otsailean Lakuako Gogora Institutuarekin sinatutako hitzarmenaren harira egin dute lan hau. Koordinazio, aholkularitza eta partaidetza lanak egiteko sinatu zen akordioa.

Diaz de Argote historialaria da eta inbentario eta dokumentazio lanean ardura handia hartu du. Ehun liburu baino gehiago, 60 bat aldizkari, 55 ikus-entzunezko dokumentu eta hainbat objektu lortu dituzte.

Horren lagin txiki bat erakutsi dute ostegun honetan, tartean bala batek zeharkatutako diru-zorroa, argazkiak, bala bat eta honek egindako zauriaren mediku txostena, hildakoen argazkiak, Areitio lantegiko kutxa bat, Vicente Anton Ferrero martxoaren 8an Basaurin hildakoari idatzitako poema anonimoa, kopiak egiteko makina, ke-potoak, nominak eta bestelako dokumentuak. Errota auzoan tiroetako markak ere aurkitu dituzte.

Ondare materiala baino «baliotsuagoa eta garrantzitsuagoa izan daitekeen» ondare immateriala ere lortu dute. 70 pertsona baino gehiagorekin elkarrizketak grabatu dituzte. Besteak beste, zaurituen senideak, zauritutako pertsonak, grebetan parte hartu zuten langileak eta bilerak egiteko elizak utzi zituzten apaizak.

Gertakarietatik 47 urte baino gehiago igaro badira ere, badaude elkarteak kontaktatu ez dituen biktimak. Hilabete hauetan zazpirekin harremanetan jartzea lortu dute, izenak ezagunak direlako, baina oraindik 20 baino gehiago falta dira. Horiei harremanetan jartzeko dei egin diete, laguntza eskainiz.

«Bere istorioa inoiz kontatu ez zuen» horietako bat belaunean zauritua izan zen Manuel Pizarro izan zen. Diaz de Argotek nabarmendu duenez, beraiekin bildu baino lehen hil zen eta ez zuen aukerarik izan gertatutakoa erregistratuta uzteko. Elkartearentzat, Pizarro da «aitorpen ofizialik jaso ez duen beste hildako bat».

Momentuz 1976ko martxoaren 3 horretako inguru hurbila eskaneatu eta ongi aztertu eta erregistratu nahi dute eta helburu horretan enfokatuko dira. Geroago, gasteiztarrei dei egingo diete ahal dutenean laguntzeko objektuak emanda edo testigantzak eskainiz. Martinezek nabarmendu duenez, Gasteizek konpromiso handia du egun horren bueltan gertatuarekiko.

Horrekin, Julen Diaz de Argotek nabarmendu du «garrantzitsua eta interesgarria» dela ere egunerokotasunaren gauzak biltzea. Horretan sartzen dira enpresetako nominak, 1950eko eta 1970eko hamarkaden artean Gasteizera etorritako migranteen maletak edo mobilizazioetan ere presente egon ziren lan-jantziak.

Lakuari eskaera

Horren harira, Lakuako Gobernuari eskatu diote aitortuak izan ez diren biktimak aitortuak izateko eskubidea egikaritzeko mekanismo bat abian jartzea. «Biktima orok dauka aitortzarako eskubidea, ez bakarrik martxoaren 3koek, badaude Estatu terrorismoaren biktima asko aitortuak izateko aukerarik izan ez dutenak», adierazi du Nerea Martinezek.

Halaber, «egia osoa» jakin ahal izateko artxiboetarako sarbidea «funtsezkoa» dela argi utzi dute. Hortaz, Lakuari exijitu diote Gobernu espainolari klasifikatuta jarraitzen duten artxiboetara sarbidea ahalbidetzea eskatzea.

Memorialaren egoeraren inguruan, laguntzeko asmoa eta gogoa berretsi dute eta Gogora Institutuarekin sinatutako lankidetza hitzarmena 2025ean luzatuko dela jakinarazi dute. Proiektuak «denbora, baliabideak eta biktimen eta talde memorialisten ezinbesteko parte-hartzea behar dituela» ere gogorarazi dute.