Haurren aurkako sexu abusuei buruzko erakusketa hartuko du datozen asteetan Basauriko Ariz Dorreak. ‘Shame: european stories’ du izena, hots, ‘Lotsa: europar istorioak’ euskaraz. Hain zuzen ere, txikitan sexu abusuak pairatu izanak biktimengan eragiten duen lotsa argitara atera eta deuseztatzea du xede erakusketak. Ostegunean inauguratu zuten eta azaroaren 21era arte egongo da ikusgai.
Erakusketa xumea da, dozena bat argazki biltzen dituena. Helduen aurpegiak dira Simone Padovani argazkilariak erretratatu dituenak, kamerari ezin zuzenago begiratzen diotenak. Desberdinak dira bakoitzaren adina, jatorria... baina haurtzaroan bizitako esperientzia traumatikoak batzen ditu guztiak. Argazkiaren azpian euskaraz zein gazteleraz irakurri daitezke bakoitzaren testigantzak, gogorrak eta argigarriak direnak.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten Maria Larrinaga Basauriko Udaleko gizarte Politikako zinegotziak, Juan Cuatrecasas Asociación Nacional Infancia Robada elkartearen eta Justice Initiative ekimenaren Estatu mailako bozeramaileak, Dani Álvarez kazetariak eta Eukene Arana ZAIN irabazi-asmorik gabeko kooperatibaren zuzendari nagusiak. Halaber, bertan izan zen Kerman Lopez Bilboko elizbarrutiko bikario nagusia.
Larrinagak prebentziorako tresna baliagarri gisa aurkeztu zuen erakusketa eta adierazi zuen datak ez dituztela ausaz aukeratu, azaroaren 19an den Umeen Aurkako Abusuen Kontrako Egunarekin bat etorriko delako. Halaber, udal Gobernuaren parte den aldetik, umeen aurkako sexu abusuak ekiditeko baliabideak jartzeko konpromisoa hartu zuen.
Álvarezek kazetari gisa gehiegikeria hauei eman beharreko trataeraz hitz egin zuen. Horrela, azaldu zuen duela ez horrenbeste denbora ez zegoela irizpide bateraturik aferaren inguruan eta berak gaia lantzen joan den neurrian ikasi duela egiten. Era berean, nabarmendu zuen horrelako ekimenek lotsa alderdiz aldatzea izan behar dutela xede: «Sexu abusuak pairatu dituztenek ezin dute lotsarik sentitu».
Cuatrecasasek erakusketaren sustatzaile den Justice Initiative ekimenaren izenean hitz egin zuen, baina baita biktima baten aita gisa ere. Izan ere, bere semeak sexu abusuak pairatu zituen nerabea zela, eta erakusketan haren testigantza jaso dute, beste askoren artean. Álvarezen ostean hartu zuen hitza eta profesionaltasuna eskertu zion, izan ere, «ez dute guztiek profesionaltasunez jokatzen, eta eskertzen dut egiten dutenean». Halaber, adierazi zuen salatzera ausartzen direnak «heroitzat» hartzeak agerian uzten duela oraindik ez zaiela inolako bermerik ematen eta, beraz, sistemak huts egiten diela.
Aranak azpimarratu zuen bost umetik batek pairatu dituela sexu abusuak eta egoera larri horri aurre egiteko ezinbesteko baldintzatzat jo zuen biktimei sinistea. Halaber, neurriak berehala hartzearen garrantzia azpimarratu zuen, umeek salatu berri dituzten erasotzaileekin espaziorik partekatu behar ez izateko.
Yodög arraina
Erakusketara gerturatzen duenak aukera izango du bertan dagoen QR kodearen bidez Pepe Godoyren ‘Yodog’ ipuina deskargatzeko, esteka honetan ere eskuragarri dagoena.
Godoy sexu abusuen biktima izan zen haurra zenean, bere testigantza ere jaso du erakusketak, eta ipuina idatzi zuen erasoak ekiditeko baliabide gisa. Izan ere, tresnak ematen dizkie umeei erasotzaileak identifikatu eta erasoak salatu ditzaten.