Bere ibilbide profesionaleko garaipenik handienetako batek, handiena ez bada, ez dio nahi besteko poztasunik utzi Iraitz Zubizarretari, partida hemezortzina berdinduta zela, Iñaki Artolak min hartu baitu izterrean. Alegiarrak partida amaitu nahi izan badu ere, apenas izan da korrika txikia egiteko gai eta Tafallan egon den Txema Urrutia medikuaren urgentziazko diagnostikoaren arabera, oso posible da berriz ere zuntz haustura bat izatea. Hala balitz, txintxarriaren laugarren lesioa litzateke hiru hilabeteetan eta agur esango lioke Lau eta Erdikoari.
Amaiera nahi bezalakoa izan ez den arren, honek ezin du Iraitz Zubizarretak egindako lan bikaina inondik inora gutxietsi. Aurreko astean Jakaren aurka sekulako kolpea eraman bazuen ere, gaur berriz ere lehiakor izatea lortzeaz harago, Artola asko estutzea lortu du eta baita txapelketa hasieran bere buruari jarritako helburua; kantxan gozatzea.
Saketik tanto dezente egon badira ere, partidaren hasiera gogorra izan da eta lehen txanpa horretan Iraitz Zubizarretak gauzak lotu antzean aritu den Iñaki Artolak baino askoz hobeto egin ditu. Sakearekin asmatu du bereziki ataundarrak, motz aterata eta pareta ukituz min handia egin dio alegiarrari, markagailuaren ekimena beretzat hartuz. 8-4 aurreratzea lortu du goierritarrak, zortzi tanto horietatik bost sakez lortuz, eta hori omenaldia jaso duen Montxo Murillok jaurtitako txapak alegiarrari eman dion lehen sakea egiteko aukera.
Artola, hasieratik lotuta
Iñaki Artola, aldiz, lotu antzean aritu da. Argi zuen pilotari abiadura emanaz egin behar ziola min, baina ez du Zubizarreta frontisetik urrun mantentzen asmatu, bere eskuin hori ez duelako nahi beste askatu. Kezkatzeko motiboak ere izan ditu aurkari ausart batek markagailuan bikoiztu duenean, baina orduantxe hasi da txintxarria bere onera itzultzen.
Sakeari ez dio nahi besteko etekinik atera, baina piloteoan bai lortu duela, pixkanaka, bere indarra gailentzen. Zubizarreta bere konfort eremutik aterata, 12-1eko partzialarekin partida bere oso aldera ekarri du, nahiz eta sentsazioak ez izan onenak (16-9).
Jakaren aurka lehiakor izaterik izan ez zuen Zubizarreta, ordea, ez zegoen berriz ere harri berean erortzeko prest eta ondo landutako tanto batekin sakea berreskuratu ostean, berriz ere alegiarra estutzeko gai izan da, pilota ezker paretan sartuta aukerak sortu eta erremateetan angeluak bikain topatuz. Gauzak horrela, presioak berriz ere lotu duen txintxarriari partziala itzuli eta ataundarra tanto bat aurretik heldu da bigarren atsedenaldi luzera (18-17).
Txokoan amaitutako tanto gogor batekin lortu du Artolak egoera berriz ere oso zail hori nolabait arintzea, baina garesti ordaundu du, tanto horretan bertan min hartu du eta aldageletara sartu behar izan du, iztarreko arazo muskular baten erruz. Kantxara itzuli da alegiarra, baina sakea hanka geldian egin behar izan du eta partida amaitu nahi izan badu ere, kontra gutxi egin ahal izan dio aukerari pasatzen utzi ez dion Zubizarretari.
FITXA TEKNIKOA:
Artola: 18
Zubizarreta: 22
Pilotakadak: 253. Iraupena: 64,10 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-4, 4-4, 4-8, 7-8, 7-9, 16-9, 16-13, 17-13, 17-18, 18-18, 18-22. Sakeak: 1 Artolak eta 6 Zubizarretak. Egindakoak: 10 Artolak eta 14 Zubizarretak. Galdutakoak: 2 Artolak eta 7 Zubizarretak. Gorabeherak: Sarrera bikaina Tafallako Ereta pilotalekuan. Estelarraren aurretik, Montxo Murillori omenaldi xume baino sentitua egin diote urte luzez Tafallako klubean egindako lanagatik. Iker Iriarte aritu da Iñaki Artolaren botilero lanetan eta Endika Apalategi egon da Iraitz Zubizarretarekin. Lehen sakea gorri.