Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Michael Caineren eta Glenda Jacksonen agurra

THE GREAT ESCAPER (LA GRAN ESCAPADA)
Erresuma Batua, 2023. 96’.
Zuzend.: Oliver Parker. Gidoia: Billy Ivory. Akt.: Michael Caine, Glenda Jackson, John Standing, Danielle Vitalis. Musika: Craig Armstrong. Argaz.: Christopher Ross.

Michael Caine eta Glenda Jackson filmeko une batean.
Michael Caine eta Glenda Jackson filmeko une batean. (BBC Film)

Oliver Parker-ek zuzendutako film britainiarra da eta benetako gertakarietan oinarrituta dago. 2014ko uda. 89 urteko Bernard Jordan aurkeztuko digute, Bigarren Mundu Gerrako beteranoa. Rene emaztearekin batera bizi den zaharren egoitzatik ihes egin du, gerrako kide beteranoekin Normandiako hondartza batean elkartzeko: Normandiako Lehorreratzearen 70. urteurrenean jausitako lagunak omendu nahi dituzte. Iraganeko mamuei nola aurre egin azaltzeaz gainera, bikotearen maitasun istorioak ere pisu nabarmena izango du kontakizunean.

Filmak kutsu berezia du, izan ere, Michael Caine eta Glenda Jacksonen azken antzezpen lana da. Jackson, 2023ko ekainaren 15ean zendu zen 87 urte zituela eta, Cainek, iaz iragarri zuen antzezpen mundutik erretiroa hartuko zuela.

Normandiako Lehorreratzea zineman

Bigarren Mundu Gerran, indar aliatuen tropek alemaniar armada naziak okupatutako Estatu frantseseko Normandiako kostaldean 1944ko ekainaren 6an abiarazi zuten lehorreratze masiboa izan zen, naziek kontrolaturik zuten Europa kontinentalera zuzenean sartu eta nazien eskuetatik libratzeko.

Lehorreratze hori ehunka aldiz islatu da zineman, baina nabarmenenak honakoak dira: ‘The Longest Day’ (1962, ‘El día más largo’) eta ‘Saving Private Ryan’ (1998, ‘Salvar al soldado Ryan’) filmak, eta ‘Band of Brothers’ (2001, ‘Hermanos de sangre’) telesaila.

‘The great escaper’ filmeak kutsu belikotik ihesi egiten du eta ikuspuntua oso bestelakoa da.