Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Villabonako besamotzaren oinordekoek estreinatuko dute Madrilgo Beti Jai eraberritua

Behar Zana klubeko hiru pilotari –Iñaki Lizaso, Arkaitz Esnaola eta Aspen profesional izandako Julen Urruzola– eta Errenteriko Epleko Iker Urmeneta añorgarra arituko dira espainiar Estatuko erdialdean kokatutako pilotaleku ederrean.

Madrilgo Beti Jai pilotalekuaren estreinaldian arituko diren pilotariak, Villabonako besamotzaren argazkiaren aurrean.
Madrilgo Beti Jai pilotalekuaren estreinaldian arituko diren pilotariak, Villabonako besamotzaren argazkiaren aurrean. (BEHAR ZANA)

Azken unean eraitsia izatetik salbatu eta gero, Madrilgo Beti Jai pilotalekuaren inguruan emandako gertaera zelebreen arteko azkena, Madrilgo agintariek bertan edozein kirol ekintza –pilotan jokatzea era bai, noski– izan da. Hala ere, Villabonako Behar Zana klubeko eta Pelota Madrid klubeko Aitor Yagüek elkarrekin egindako lanari esker, espainiar Estatuko hiriburuaren erdialdean kokatutako pilotaleku ederraren inaugurazioaren pilota hotsa entzungo da. Villabonako besamotzaren oinordekoek estreinatuko dute Beti Jai Eraberritua.

«Pedro Yarzak, Villabonako besamotzak, Madrilen jokatu zuen bertako Euskal Jai eta Fiesta Alegre pilotalekuetan, baina sekula ez zuen Beti Jai pilotalekuan jokatu. 1894an inauguratu zuten Beti Jai eta gure herritarra lau urte beranduago hil zen», azaldu digu ekimenaren sustatzaileetako bat izan den Iñaki Lizasok. «Hainbeste urteren ondoren gu bertan aritzeak ilusio handia egiten digu».

Gainera, bada Madrilgo frontoia eta Gipuzkoako herri txiki hau batzen duen beste elementu bat. Izan ere, Beti Jai pilotalekuan puntaz eta «punta-volean» jokatzen zuten eta azken honen jokorik gertukoena joko garbia litzateke, Villabonan horren tradizio handiko jokamoldea.

Behar Zanako hiru pilotari –Iñaki Lizaso, Arkaitz Esnaola eta Aspen profesional izandako Julen Urruzola– eta Errenteriko Epleko Iker Urmeneta añorgarra izango dira, madrilgo beste pilotari batzuekin –hauek eskuz eta frontenisean arituko dira–, baina horretarako aurretik «sukaldeko» lan handia egin behar izan dute.

«Sukaldeko lana»

Kontua da, «Salvemos el Beti Jai» plataformak pilotalekua eraispenetik salbatu eta hura eraberritzea lortu ostean, Madrilgo agintariek eraikina ondare bezala izendatu eta bertan edozein kirol jarduera egitea galarazi zutela. Aurreko astean inauguratu zuten interpretazio zentroa edukiz hornitzeko euskaldun batengana, Daniel Carballorengana, jo zuten eta orain Iñaki Lizasok eta Aitor Yagüe, Madrilgo Pilota Federazioko kideak egindako gestioei esker inaugurazio egunean Beti Jai pilotalekuan pilota hotsa entzun ahal izango da.

Bidaia aprobetxatuz, Behar Zanako pilotariek El Molarren ere jokatuko dute, bertako klubaren 25. urteurreneko ekitaldien baitan.

Kirol honen «militante» hauen elkar lanak Beti Jairen inaugurazioan Villabonako besamotzaren ondorengoek bertan jokatzea lortu dute eta hurrengo erronka inguru haietan ere pilota zabaltzea litzateke «han jende askok pilota existitzen denik ere ez dakitelako».