Manifestazio jendetsua egin dute Gasteizen «Araba mehatxatzen duten makroproiektuen aurka»

Milaka lagun mobilizatu dira arratsaldean Gasteizen, Araban aurreikusitako makroproiektu guztiak geldiarazteko eskatzeko. Lehen sektorearen eta herri txikietako bizilagunen parte hartze nabarmena izan duen protestak  landa eremuan duten inpaktu neurrigabea salatu du.

Jendetza bildu da Gasteizen makroproiektu energetiko guztiak geldiarazteko eskatzeko.
Jendetza bildu da Gasteizen makroproiektu energetiko guztiak geldiarazteko eskatzeko. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arabak mahai gainean dituen makroproiektu energetikoak gelditzeko eskaerak milaka lagun bildu ditu gaur arratsaldean Gasteizko kaleetan. Antolatzaileek emandako datuen arabera, 5.500 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte lehen sektorearen presentzia nabarmena izan duen protestan. Horren erakusgarri dira, esaterako,  protestan izan diren 50 traktoreak.

«Araba ez dago salgai» ohartarazi dute deitzaileek, trantsizio energetikoaren aitzakiarekin enpresa handien etekin ekonomikoak lehenesten ari direla salatuz.

Bilbao plazatik abiatu da UAGA nekazal sindikatuak, Araba Bizirikek eta beste zenbait herri plataformek deitutako protesta. Mobilizazioak 150etik gora eragileren babesa jaso du, horien atean sindikatuena eta hainbat administrazio batzarrena.

Urkabustaizeko eta Judimendiko joaldunek zabaldu dute martxa, adarren soinuen artean. ‘Makroproiekturik ez! Lurra defenda dezagun’ leloko pankarta joan da buruan, herrien bizitzaren eta lehen sektorearen aldeko hainbat mezurekin batera.

«Plaka gutxiago, patata gehiago», «Solaria kanpora, utzi bakean» edota «Pradales entzun, natura dugu lagun» oihuak entzun dira ibilbidean zehar.

Arabarako aurreikusitako proiektu kopuruaren neurriaz jabetzeko, aipatu dute berriztagarriekin lotutako egitasmoez gain kontuan hartu behar direla «aurretik jada abian zeuden beste proiektu batzuk, hala nola «Abiadura Handiko Trena (AHT), tomatera, dikeak...».

Manifestazioaren bukaeran irakurritako mezuan, oso kezkagarritzat jo dute biodibertsitatean, laborantza lurretan, basoetan eta larreetan baimentzen ari den inpaktu zuzena, «landa bizitzaren aldeko apustua egin duten pertsonak» eta garapen iraunkorreko proiektuak suntsituz.

Salatu dute trantsizio energetikoaren izenean, eta «lurrralde-industrializazioa» eta «etorkizunerako aurrerapenak» bezalako esamoldeen atzean, «korporazio handiek gure lurraldearen kontura negozioa» egiteko bidea aurkitu dutela.

«Erakundeei eta arduradun politikoei erakutsi nahi diegu lurraldea, gure herriak eta landa inguruneko bizimodua defendatzen dugunak gehiengoa garela, adierazi dute deitzaileek. Zenbait eskari zuzendu dizikiete, era berean, instituzioei, aipatu makroproiektu energetiko guztiak gelditzetik hasita: «bai berriki aurkeztutakoak eta baita izapidetzea aurreratuago dutenak ere».

«Harrapaketa gera dadila»

Foruen plaza bete duen protestak exijitu du «enpresa handiek sustatzen duten lurraldearen harrapaketa gera dadila» eta «Administrazioak ezinbestekoa den lurraldearen plangintza eta antolamendua egin dezala». «Ez guk eta ezta etorkizuneko belaunaldiek ere ez dezagun gure lurraldea eguzki-plaka, errota eoliko eta hormigoi itsaso bihurtuta ikusi», azpimarratu dute.

Izan ere, Lakuako Gobernuak eta Arabako Foru Aldundiak duten ardura nabarmendu dute. «Gure lurraldearekin espekulatzeari utz diezaiotela eta haren defentsan apustu garbia egin dezatela» adierazi dute zuzenean exekutibo biei bideratutako mezuan. Era berean, ezkutatze praktikak bertan behera uzteko eskatu diete, gizarteari «informazioa garbi» emateko exijituz.

Azken egunetan hamarnaka eragilek egin dute bat Arabako mobilizazioarekin, tartean Euskal Herria Bizirik plataformak, besteak beste. «Lurraldearen aurkako eraso-uholde berri» baten aurrean gaudela ohartarazi du kolektiboak, eta Arabak duen egoera nabarmendu du: «une honetan 89 makroproiektu daude tramitean. Horietatik 17 eoliko eta 72 fotovoltaiko». «Hau jasanezina da», adierazi du, eta erantsi du «multinazionalek beren poltsikoak salbatu nahi dituzte eta ez planeta».