Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin dute astelehen honetan Gipuzkoako Foru Jauregiaren aurren euskararen aurkako oldarraldi judizialaren azken kasua salatzeko.
Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiak bertan behera utzi zuen aurreko astean Kabiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde autonomoak, egoitzetako langileentzako 34 plaza betetzeko egindako deialdia, uste baitu «euskara jakiteko baldintzek enplegu publikoa lortzeko oinarrizko eskubidea urratzen dutela».
Erabaki berri hau euskararen aurkako oldarraldi judizialaren baitan kokatzen da. Urrutira joan gabe, urriaren hasieran Diputazioaren ostatuetako garbitzaileentzako deialdi baten aurka ere egin zuen Donostiako epaitegi batek.
Kabia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailari atxikitakoa erakunde autonomoa da, adinekoen eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen da eta egoitzak ditu Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Bergaran, Eibarren, Elgoibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen, Lasarte-Orian, Oñatin, Ordizian, Pasaian, Tolosan, Villabonan eta Zumaian.
«Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu geroz eta bortitzagoa den oldarraldi judizialaren baitako sententzia hau, milaka herritarren hizkuntza eskubideak, hizkuntza berdintasunera bidean egindako lana, eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea kolokan jartzen dituelako», adierazi dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek.
Gainera, «bereziki larritzat» jo dute epaia, «egoera zaurgarrian dauden herritarren eskubideak direlako kasu honetan urratuko direnak, Kabiako adineko eta menpekotasun egoeran dauden erabiltzaileenak», hain zuzen ere, «jakina baita norbere hizkuntzan zaindua izatea dela ongizate eta zaintza duin baterako oinarrizko baldintzetako bat».
Kontseiluaren arabera, erabiltzaileen eskubideez gain, «langile askoren bizi jardunak» ere urratu ditu epaiak, «asko izan direlako zaintza duin bat eskaintzeko beharrezko euskara maila erdiesteko ahalegina egin duten langileak, nahitaezko baldintza modura ulertzen dutelako, eta, orain, ahalegin hori hutsaren hurrengo lekuan utzi du sententziak».
Konpromisoa eta neurriak
Hala, oldarraldiari aurre egiteko, ezinbestekotzat jo dute «konpromiso eta neurri ausartak hartzea epaitegietatik ezartzen diren oztopoen gainetik». «Dagokion zentralitatea eman behar zaio hizkuntza auziari eta euskararen gaia lehen lerrora ekarri, gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa delako», azaldu dute.
Era berean, babes osoa helarazi diote Kabia erakunde autonomoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, «sententzia euskarafobo, erreakzionario eta atzerakoi honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko».