Iñaki Artolari atzo eginiko erresonantzia magnetikoak alegiarrak «lesio miotendinosoa» duela berretsi du «bizeps femoralaren zati luzean», hau da, ezker zangoko iskiotibialean gihar haustura bat dauka eta ondorioz agur esango dio aurtengo Lau eta Erdiko txapelketari. Baikoko aurrelariak ostiral gauez hartu zuen min, Zubizarretaren aurkako partida gogorrean lehia hemezortzina berdintzea lortu zuen tantoan, eta partida amaitzea lortu bazuen ere, hasierako pronostiko iluna konfirmatu baino ez dute egin proba medikuek.
Gauzak horrela, asteburuan Erik Jakaren aurka jokatu beharko lukeen partida bertan behera geratzen da eta lizartzarrak eramango du jokoan legokeen puntua, 22-0 emaitzarekin. Puntu honekin, lizartzarra zuzenean sartuko da finalerdietan eta eta beste postua Altuna eta Zubizarretaren artean jokatuko lukete, igandean Atano III.ean. Amezketarrak nahikoa ditu 8 tanto aurrera egiteko eta 13 taldeko lehena izateko. Ataundarrak, bestalde, txapelduna 8 tantotan utzi beharko luke. Amezketarrari irabaztea, berez, zaila bada, emaitza horrekin gailentzeak ia ezinezkoa ematen du ataundarrarentzat.
Gurutze-bidea ezker iztarrarekin
Sekulako gurutze-bidea pairatzen ari da Iñaki Artola aurtengo udan ezker zangoko gihar lesioekin, ekainetik hona lau aldiz geratu behar izan duelako antzeko lesioen erruz. Lehena ezker zangoko soleoan izan zen, orduan 25 egunez egon behar izan zuen kantxetatik kanpo eta sanferminetako feria jokatu ezinik geratu zen. Irail hasieran iztondoan hartu zuen min eta Masterseko lehen faseko azken bi jardunaldiei uko egin behar izan zien eta burua altxatzen ari zela zirudienean, sanmateoetako feria ere bertan behera utzi behar izan zuen, antzeko lesio baten erruz. Lau eta Erdikorako justu-justu osatu, baina bi partida jokatuta, berriz ere geratu behar izan du.
Kaiolari agur esanda, azaroaren amaieran hasiko den Binakakorako erabat osatzea behar luke lesioekin batere zorterik izaten ari ez den Iñaki Artolaren hurrengo erronka.