Euskadi Fundazioa lanean dihardu datorren denboraldira begira. Asteakzen honetan albiste onak utzi ditu taldeak. Izan ere, alde batetik, Txomin Juaristik eta Gotzon Martinek bi urte gehiagorako luzatu dute kontratua; eta bestetik, Alice Maria Arzuffi Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldearen bigarren fitxaketa bihurtu da datorren denboraldirako.
Txomin Juaristi (1995, Markina-Xemein) eta Gotzon Martin (1996, Orozko) harrobiko bi txirrindulariak 2018tik daude egituran, Euskadi Fundazioak bere talde profesionala berrabiarazi zuenetik. Bizkaitarrek bi denboraldirako sinatu dute, 2025erako eta 2026rako.
Jorge Azanza kirol arduradunak adierazi duenez, «taldearen zutabeetako bi dira. Horregatik, errepide-buruak izatea eta erantzukizuna emaitzekin hartzea eskatu diet, baina baita gazteei eta berriei irakastea ere. Eskarmentuko txirrindulariak dira jada, unea iritsi zaie. Ziur aski, aurten ez dute denboraldirik onena izan, baina espero dut haiek konturatzea gauzak ondo eginez hemen tokia dutela, maila duten bi txirrindulari direlako. Oso pozik gaude gurekin jarraitzen dutelako taldeari sendotasuna emateko».
Gotzon Martinek «oso pozik» eta «harro» dagoela aipatu du. «Espero dezagun datorren urtea urte ona izatea. Gauzak ondo egiten saiatuko gara horrela izan dadin. Nire helburuak, oro har, erregularra izatea, urte ona egitea hasieratik amaierara, eta lasterketa bakoitzean lehiakorra izatea izango dira», gehitu du.
Txomin Juaristiri, aldiz, «ilusio berezia» egiten dio etxeko taldean jarraitzeak. «Baditugu profesional urte batzuk eta aldaketak aldaketa pentsatzen dut erreferente moduan izango garela urte batzuk taldean ditugunok. Bestetik, puntuak direla-eta moldatu beharko gara, datorren urtean lehenengo hogeita hamarretan sartzeko helburua izango dugulako. Gogotsu nago holako helburua izatea polita delako ere eta horren bila joango gara», azpimarratu du.
Arzuffi, «harro»
Bestalde, Alice Maria Arzuffi (1994, Seregno, Italia) italiarrak bi urterako sinatu du Laboral Kutxarekin, 2025erako eta 2026rako. Itzulietan nabarmentzeko igotzailea da, aurten erakutsi duen bezala, 17. Italiako Giroan eta 20. Frantziako Tourrean. Beraz, «euskal taldeari sendotasuna emateko iritsi da», adierazi du taldeak, bereziki saio menditsuetan eta itzulietan, Ane Santesteban eta Usoa Ostolaza taldekide berriekin «taldearen lidergoa partekatzeko».
Klubak gehitu duenez, «heldutasun betean helduko da, aurrera egiteko tartea duen beste txirrindulari bat da, eta bere eskarmentua gehituko dio multzoari».
Alice Maria Arzuffik berak azpimarratu duenez, «harro nago Laboral Kutxa taldeko txirrindulari izateaz. Urtetik urtera gora egiten duela nabari da. Ingurune ona iruditzen zait zenbait emaitza garrantzitsu lortzeko. Aurten lortu dudan maila berretsi nahi nuke, zalantzarik gabe, are gehiago hobetzeko, eta nire helburua maillot morearekin lasterketa garrantzitsuren bat irabaztea da. Igotzailetzat daukat neure burua, eta ihesaldiak eta itzuliak gustukoak ditut».
Ion Lazkano kirol arduradunak adierazi duenez, «Arzuffi mendate luzeetan oso ondo defendatzen den txirrindularia da, eta itzuli handietan egunetik egunera indarrak oso ondo berreskuratzen dituela erakutsi du. Gure asmoa da gurekin hazten eta urratsak ematen jarraitzea. Hemen aurrera egiteko aukera izango du. Espero dezagun taldearen maila haztea eta protagonista izatea itzulietan».
Modu honetan, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioak 12 txirrindulari ditu jada datorren denboraldirako: Naia Amondarain (berritzea), Alice Maria Arzuffi (fitxaketa), Idoia Eraso, Arianna Fidanza (fitxaketa), Usoa Ostolaza (luzapena), Ane Santesteban, Debora Silvestri (berritzea), Catalina Soto, Alba Teruel, Laura Tomasi, Cristina Tonetti eta Eneritz Vadillo.