Pello Otxandianok «elkarrizketarako gonbidapen bat» luzatu die bere webgunean plazaratutako testu batean EAJri eta PSEri. Izan ere, fiskalitatearen inguruko oinarriak adostu ziren ekainean Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Orain, ordea, EAJk eta PSEk akordio bat iragarri dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. EH Bilduko Gasteizko legebiltzarkide eta oposizioko buruak azaldu duenez, horrek «frogatzen du akordio globalak eta ‘bertikalak’ existitu, bai, existitzen direla, baina errealitatea da ez Gipuzkoan ez Araban ez dutela gehiengoa eta, ondorioz, hirugarren baten parte hartzea behar dutela».
«Halako sakontasun politikoa duen gai bat izanik, eta hain garrantzitsua den momentu ekonomiko honetan, oso desegokia iruditzen zait zerga erreforma bati ekitea azken hauteskundeetan hiru lurraldeetatik bitan lehen indarra izan den alderdi politikoa bazter utzita. EAJk eta PSEk hiruko negoziazio baterako prest egon behar dute, zerga erreformaren diseinua adosteari begira», azpimarratu du Otxandianok.
«Ez da pedagogia politiko ona alderdiek demokrazia deliberatiboa aldarrikatzea haien artean eztabaidatzeko gai ere ez direnean, ez eta gehiengoen jokoagatik eztabaidatzeko obligazioa dutenean ere», salatu du.
«Ez digute erantzun»
Gasteizko Legebiltzarrean eta hiru Batzar Nagusietan «gehiengoak artikulatzeko gaitasuna dugun indar politikoen arteko elkarrizketarako eremu bat sortzeko» helburuarekin, biltzeko eskari formala helarazi die koalizio abertzaleak EAJ eta PSEri. «Baina ez batak ez besteak ez digute erantzun, guk inoiz egingo ez genuena», gaitzetsi du legebiltzarkideak.
Hausnarketa bat partekatu du, hiru oinarrirekin. Baga: «Erronka sozialak oso-oso konplexuak dira, eta horrek gure gaitasun instituzional guztiak norabide zehatz batean aktibatzea eskatzen du. Gaitasunak eta ezagutza konektatzeko momentua da, herri agenda baten zerbitzura jartzeko». Biga: «Herri txiki bat gara mundu guztiz globalizatu batean; hori dela eta, gure herriaren eskalak politika publikoak, gastuak zein diru-sarrerak, harmonizatzera behartzen gaitu, inoiz baino gehiago».
Eta hiru: «Derrigorrezkoa da alderdi politikoak agenda bateratu bat, herri agenda bat, aurrez zehazteko gai izatea, baina, tamalez, hori ez da horrela izaten ari. Oraindik ez gara iritsi beharrezkoa den elkarlana lehia saihetsezinaren aurretik jartzeko behar den kultura politikora». Fiskalitatea jarri du horren adibide.