Zirujaurik zehatzenaren pare, final laurdenetako ligaxka kirurujiko bat osatu du Jokin Altunak gaur Donostiako Atano III.ean Iraitz Zubizarreta txiki utzita eta kaiolako finalerdietan izango da bederatzigarren urtez jarraian. Iazko sorbaldako arazoak erabat ahaztuta, txapelketa bikaina osatzen ari da amezketarra –bera da finalerdietara partidarik galdu gabe helduko den pilotari bakarra– eta jokatutako hiru partidetan 27 tanto baino ez dizkiote egin Artola (12), Jaka (9) eta Zubizarretaren artean (6). Hurrengo koxkan, Unai Laso izango du zain hurrengo igandean Astelenan amezketarrak eta beste finalerdian Jaka eta Peio Etxeberria arituko dira elkarren aurka, larunbatean, Labriten.
Ataungo pilotazaleentzat zita berezia zen gaurkoa Atano III.ean, baina etxera burumakur itzuli behar izan dute, Senarrek eta Iraitz Zubizarretak parean izan zitzaketen areriorik makurrenak izan dituzte eta parean. Estelarrean, joaterako ederki zekien Zubizarretak Altuna 7 tantotan uztea ia ezinezkoa zuela eta azkenerako bera izan da zenbaki horretara heldu ez dena.
Saketik alerik ez
Helburua lortzeko sakearekin asko asmatu beharra zuen ataundarrak eta epailearen txapak lehen aukera eman badio ere, txapelketan aurrera egiteko batere modurik ez zuela lortu du pilota jokoan berak jarrita tantoa egitea. Batere errukirik gabe eta bere lana zein zen ondo ikasita, Jokin Altunak ez dio batere aukerarik eman.
Pilota alderik alde ederki mugituta, partida hasterako bere burua erabat gaindituta sentiarazi du Iraitz Zubizarreta eta goierritarra ohartzerako mundu batek banatzen zituen bata eta bestea (7-0). Finalerdiak ziurtatuta ere –8 tanto nahikoak zituen horretarako– amezketarrak ez du oina azeleragailutik altxatu eta zerrendaburu izateko 13ak ere aitaren batean eskuratu ditu.
Bezperan Lasok Elordiri saketik egindako minari erantzun nahi balio bezala, egungo txapeldunak ere asko asmatu du lehen pilotakadarekin eta 10-1an ere ia erdiak, lau, hasierako jokaldiarekin lortuak zituen.
Erabat gaindituta, Zubizarretari Sorian Jakaren aurka gertatutako gauza bera gertatu zaio, ez da lehiakor izateko gai izan eta lehen helburua zuen gozatzea baino, sufritzea egokitu zaio historiako espezialistarik onenetako baten aurka.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna III.a: 22
Zubizarreta III.a: 6
Pilotakadak: 153. Iraupena: 34,54 minutu. Markagailua: 7-0, 7-1, 15-1, 15-2, 16-5, 20-5, 20-6, 22-6. Sakeak: 6 (falta 1) Altunak eta falta 1 Zubizarretak. Egindakoak: 11 Altunak eta 1 Zubizarretak. Galdutakoak: 3 Altunak eta 5 Zubizarretak. Gorabeherak: Sarrera hiru laurden baino gutxiago Atano pilotalekuan. Gorka Altuna aritu da lehengusu Jokinen botilero lanetan eta Endika Apalategi egon da Zubitarretaekin. Lehen sakea urdin.