Skyrunning World Series zirkuituak inguru exotiko batean izan zuen bere azken hitzordua. Joan den asteburuan, Malaysian izan zuen geltokia; hain zuzen ere, Kailas Penang Skyrace. Zalantzarik gabe, nazioarteko izaera duen zirkuitu horretako hemeretzigarren lasterketak kutsu berezia izan zuen. Ibilbideak, klimak, ikuspegiak… markatu zuten maratoi hori. Georgetown izeneko mendietan korritu zen, hots, Penang Hill Biosfera Erreserban.
42 kilometro pasatxo burutu behar izan zituzten eta 3.800 metroko desnibel positiboa gainditu aipatu ibilbidean zehar. Oihan tropikal horretan antolatutako probara munduko bazter guztietatik iritsitako dozenaka lehiakide bertaratu ziren –2.500 korrikalari baino gehiago pilatu ziren azkenean– eta horien artean bi euskal korrikalari nabarmendu ziren: Lide Urrestarazu eta Ion Eskudero. Biak ala biak Euskal Mendizale Federazioko selekziokideak. Izan ere, Urrestarazu zein Eskudero azken podiumean izan ziren Malaysiako hitzordu horretan. Nesken kategorian Urrestarazuk irabazi zuen eta Eskuderok, berriz, bigarren postuan amaitu zuen mutilen mailan.
Oro har, baldintza bereziei aurre egin behar izan zieten korrikalariek. Izan ere, oihan tropikal horretan hezetasuna eta euria nagusitu izan ziren. Alabaina, euskal ordezkariak bikain moldatu ziren eta, aurreratu bezala, lasterketa bikaina eginda podiumean izan ziren biak ala biak.
Bigarrenez
Skyrunning World Series-etako azken proba horretako korrikalariak gauez irten ziren. Emakumeen kategorian Urrestarazuk lasterketa bikaina burutu zuen; kopetako argia piztu eta euripean lehen kilometroak egin zituen. Nahiz eta zirkuituko bi lehiakide indartsu (Iris Pessey frantziarra eta Marcela Vasinova txekiarra) ondoan izan, ordiziarra lasterketa osoan tropelaren buru ibili zen.
Euskal ordezkaria lehena izan zen helmuga puntuan 5:16:37 denborarekin. Iris Presseyk bigarren postuan bukatu zuen bederatzi minutura, eta Vasinova txekiarrak osatu zuen emakumeen lehiako podiuma, ordiziarrarengandik 30 minutura helmugaratu ostean.
Lasterketa amaieran, Urrestarazu pozarren zegoen lortutako emaitzarekin. «Asko gozatu dut lasterketa horretan. Klima tropikal horrekin ez nago ohituta: hezetasuna, bero sargoria… Hori guztia ondo kudeatu behar izan dut. Erritmo egoki bati eusten saiatu naiz, eta ur asko edan dut. Hori guztia lasterketa handi bat egiteko giltza izan da», azaldu zuen.
Malaysiako garaipen horrekin, gipuzkoarrak bi ditu SWS zirkuituan. Horrezaz gain, behin behineko sailkapenean laugarren postuan kokatu da. Postu bikaina laster jokatuko den final handirako.
Bestalde, gizonen kategorian Lorenzo Beltrami faborito nagusia zen eta maratoi horretan ez zuen hutsik egin. Aise irabazi zuen italiarrak 4:17:14 denbora markatuta. Nolabaiteko ezustekoa eman zuena Eskudero izan zen. Euskal korrikalariak bigarren postua sinatu zuen, irabazlearengandik 36 minutura helmugaratu eta gero. Yusof Abdul Manan malaysiarra izan zen hirugarrena.