Jon Ormazabal

Hirugarren finalaren «konfirmazioa» nahi dute Erik Jakak eta Peio Etxeberriak

Arazorik gabe aukeratu dituzte lizartzarrak eta Zenotzekoak larunbaterako pilotak. Baikokoak Aspeko nafarra jo du faboritotzat, baina honek ez du zama hori bere bizkarrean eraman nahi izan.

Peio Etxeberriak eta Erik Jakak ez dute arazorik izan larunbaterako materiala aukeratzerakoan.
Peio Etxeberriak eta Erik Jakak ez dute arazorik izan larunbaterako materiala aukeratzerakoan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Bere kirol ibilbidearen etapa oso desberdinetan dauden arren, Erik Jakak eta Peio Etxeberriak euren palmareseko hirugarren finala dute jomugan larunbat honetan Iruñeko Labriten. Biek jarraian jokatu zituzten jokatutako biak, pandemiaren garaiko buruz buruko biak Erik Jakak 2020an, biak Jokin Altunaren aurka eta kantxa osoko txapela jantzi zuen pronostikoen aurka. Ultzamarrak gertuago ditu jokatutako biak, iazko kaiolakoa eta Binakakoa bere kasuan. Zenotzekoak Lau eta Erdikoa galdu zuen amezketarraren aurka eta Binakakoa irabazi, ordea, Zabaleta lagun, Altuna eta Martijari.

Iaz finaletik tanto bakarrera geratu zen lizartzarra eta freskura puntu bat berreskuratuta, aurten orduko arantzatxoa ateratzeko modua izan dezake. Lau urte beranduago, Baikoko elastikoarekin jokatuko lukeen lehena litzateke Jakarentzat eta onenen artean leku bat duela berresteko erarik onena litzateke beretzat. «Edozein jokamolde izanda ere, finalerdietan egotea sekula ez da erraza eta niretzat oso garrantzitsua da, nire inguruan gauza onak esaten ditu. Agian bada ni hemen errebotez nagoela usteko duenik, Artolaren aurka jokatzerik izan ez nuen partida horregatik, baina nik ere gauzak ondo egin nituen jokatu behar izan nuen partida horretan –Zubizarretari 22-6 irabazi zion– eta, tanteoari esker sailkatu nintzen», aipatu du gaurko material aukeraketan.

Zenbakiek ere ondo hitz egiten dute Erik Jakak lortutako erregulartasunaren inguruan, izan ere azken bost edizioetatik hirutan gainditu baitu final laurdenetako mugarri hori.

Laugarren urtez jarraian

Horretan puntu bat goitik egon da Peio Etxeberria azkenaldian, aurtengoa laugarren aldia baitu jarraian lau onenen artean, nahiz eta azken langa hori iaz bakarrik gainditu zuen. Horiek horrela, Erik Jakak ultzamarraren bizkar jarri du faboritoaren zama larunbatera begira. «Faboritoena betikoa da, izen batek irten behar badu, berea irtengo da, noski, normala den bezala, ibilbide luzeagoa daramalako azkenaldian finalerdietan».

«Ez diot horri bueltarik ematen, azkenean hemen larunbatean zerotik hasten gara eta 22ra heltzen dena izango da finalean eta horretan bakarrik pentsatzen dut», erantzun dio nafarrak, zuzen.

«Beti esaten dut gauza bera, oso aurkari arriskutsua da, bere jokoa ateratzen badu oso oldarkorra da eta arerio oso zaila. Saiatu behar dut nire jokoa egiten eta, lortzen badut, garaipenaren borroka horretan egoteko modua izango dut», gaineratu du Aspekoak.

Erik Jakaren diskurtsoa ere oso antzekoa izan da alor honetan. «Partida oso zaila izango da, azkenean berak erritmo handia jartzen baitio partidari. Gero defentsa handiko mutila da baita eta berari tanto egitea ez da erraza izaten baina nik ere nire armak aprobetxatzen saiatu beharra daukat, hori egiteko gai banaiz, edozeini irabazteko gai naizela jakinda, nahiz eta, era berean, gauzak ondo eginda ere, batzuetan ezin izaten dela irabazi, baina konfiantzarekin naiz eta 22ra heltzeko prest».

Labriterako dagoeneko ez da sarrerarik geratzen eta pilotek ere ez dute, printzipioz behintzat, aitzakiarik izango, bi pilotariek gustura amaitu baitute saskian aurkitutakoarekin.