Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Sei emakumeren bidegurutzeak dakartza Nerea Loiolak bere liburu berrian

Maitasuna, desioa, sexua, emakume gorputza, gizarteak ezarritako genero espektatibak, amatasuna, beldurra, antsietatea, nahiak, ardurak, ezinak… Sei protagonista ezberdin baliatuz, irakurleak bere burua ikus dezakeen narrazio bilduma idatzi du Nerea Loiolak: ‘Zebrak eta bideak’.

Nerea Loiola Pikaza ‘Zebrak eta bideak’ liburuaren aurkezpenean.
Nerea Loiola Pikaza ‘Zebrak eta bideak’ liburuaren aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nerea Loiola Pikazak ‘Zebrak eta bideak’ liburua aurkeztu du astearte goiz honetan Erein argitaletxeko egoitzan. Elkarren artean oso ezberdinak diren baina elementu amankomunak dituzten sei ipuinez osatua da idazle debarraren bigarren narrazio bilduma hau. Erakarmen-indar handiko istorioak dakartza Loiolak berriz ere; «beti giza harremanei eta emozioen euste-hormen pitzadurei so, xehetasunari eta keinuari adi».

Ingeniaritza Mekanikoan graduatua da Loiola, eta idazlea eta literatura-bitartekaria lanbidez. Helduen narratibaz gainera, artikulugintza, gidoigintza, komikia eta haur eta gazte literatura landu ditu. Bereak dira, besteak beste, ‘Harri bat poltsikoan’ (2018) eta ‘Naian’ (2022) haurrentzako ipuinak; gazteei zuzendutako Eskapu Liburuak bildumetako ‘7G udalekuak’ (2022), ‘Azken denbora’ (2023) eta ‘AHT’ (2024); eta ‘Epizentroa’ (2021) narrazio liburua.

Helduentzako bere lehenengo liburua argitaratu ondoren, 2021ko udazkenean, hasi zen gaurkoan aurkeztu duen liburua idazten, eta 2023an Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen RGG beka irabazi nuen lan honekin. Orain, badago liburu dendetan.

Loiolak berak azaldu duenez, sei ipuin autonomoz osatuta dago liburua eta, bizitzak ezarritako bidegurutzetan aurrera egin beharko duten sei emakume dira pertsonai nagusiak. Protagonisten ahotsetatik kontatutako ipuinak eta kanpo narratzaile batek kontatutakoak aurki ditzake irakurleak.

«Gazte bat, ezezkorik esan ezin diona bere etxeko terrazan Ikeako iragarki bat grabatzeari. Emakume bat, haur jaioberria gauez esnatzearen beharrak obsesionaturik, edozer egiteko prest dagoena idazten ari den ipuina amaitzeko. Iraganeko gertakari tragikoa, ustez desiratutako bizitzaren zimenduak astintzera itzuli dena. Noraezean dabilen nerabea, askatasunaren konplexutasunak ezinbestean kolpatuta. Beste emakume bat, ekilibrioak egiten dabilena pultsio basati batekin eta bultzatzen duena bere baitatik ihes egitera, gertatu beharrekoari gertatzen uztera. Ama-emazte eredugarria, hoteleko ohe handiegiaren izara artean katramilatu dituena desirak, beldurrak eta marra gorriak», aipatu du Loiolak ipuinei buruz.

Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak nabarmendu duenez, «sakontasun psikologiko handiko argazkiak» agertzen dira liburuan. «Istorioak oso ondo kontatzeaz gain, Nereak oso ondo daki atmosferak eraikitzen eta kontatzeko moduak ematen die batasuna sei ipuinei. Dena sinesgarria den atmosfera batzuk eraikitzen ditu, giro oso desberdinetan, eta nork bere burua ikus dezake istorio bakoitzean», gehitu du.

Loiolak nabarmendu duenez, «giza harremanetan ezarritako ardatzak eta atmosferak» ematen diote osotasuna liburuari: «Maitasuna, desioa, sexua, emakume gorputza, gizarteak ezarritako genero espektatibak, amatasuna, beldurra, antsietatea, nahiak, ardurak, ezinak...». Detaileetan eta keinu eta ekintza txikietan arreta jarri nahi izan du idazleak.