2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiko hamaikakoa aurkeztu dute gaur Bilboko Bidebarrieta kulturgunean. Komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik ezagunak diren Euskal Herriko txoko guztietako herritarrekin osatu dute Euskaraldiaren enbaxadore taldea.
Euskaraldiaren lehen edizioan bezala, talde anitza osatu dute, «inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez» ariko den taldea: Eneko Atxa sukaldaria, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria, Aitor ‘Bengo’ musikari eta break dantzaria, Lutxo Egia idazlea, Eneko Garcia (Albina Stardust) trabestia, Ana Goitia kazetari eta umoregilea, Itziar Ituño aktorea, Roberto Moso komunikatzailea, Zibel Untsain dantzaria, Esti Urresola zinemagilea eta Mikel Urrutikoetxea pilotaria.
Konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, enbaxadore diren heinean, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, kide edo ezagunei Euskaraldian parte hartzeko gonbitea luzatuko diete.
Laugarren edizioaren leloarekin bat eginez ‘Elkar mugituz egingo dugu’ hamaikakoa osatzen duten lagunek euskararen erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak. «Esaera zaharretan jasota dago: bati esaten zaiona, hamaikak jakiten du. Eta hori izango da, hain zuzen ere, hamaikakoak abiatuko duena. Bati, biri, hamaikari esan, haiek beste hamaikari kontatzeko eta guztiek euskararen uhinarekin bat egiteko», azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak.
Zergatik eta zertarako
Hamaikakoaren izenean, Eneko Garciak eta Esti Urresolak hartu dute hitza, eta taldea osatzen duten guztiek Euskaraldiaren gonbitea «ilusioz eta erantzukizunez» jaso dutela adierazi dute. «Euskaraldian parte hartuko dut nire burua modu kontzientean euskara gehiago erabiltzera behartzeko; eta enbaxadore naizen aldetik, erabaki hori besteekin partekatzea, eta haiek ere parte izatera gonbidatzea, ederra iruditzen zait», azaldu du Garciak.
Urresolak, bere aldetik, Euskaraldia bezalako ekimenen garrantzia eta beharra azpimarratu nahi izan du. «Ariketaren jatorria Laudion zein beste zenbait tokitako ekimenetan dago. Baina Euskal Herri mailan izan duen erantzuna eta ibilbidea ikusteak horrelakoen beharra badela erakusten du», nabarmendu du zinemagileak.
Edizio berrian Euskaraldia zergatik eta zertarako egiten den azaleraztea izango dute egiteko nagusien artean. «Euskaraldiaren bidez, hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatu nahi ditugu, arau sozial bihurtu. Portaera sinpleak itxuraz, baina oraindik ez daudenak errotatuta», azaldu du Urkijo.
Jendartean zabaldu nahi dituzten hizkuntza portaerak honakoak dira: lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin, euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak, euskaldunari, beti, euskaraz egitea. «Lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan -ulertzen gaituzten guztietan- euskara erabilita, mugitu egiten ditugu solaskideak, eta jendartea bera. Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonek batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen dugu», azpimarratu nahi izan du Urkijok.
Euskaraldian parte hartuko duten herriak zein entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen. Ariketara batu nahi dutenek horretarako aukera dute euskaraldia.eus webgunean.