NAIZ

Osasunbidea pribatizatzeko asmoak daudela salatu du LABek

Nafarroako Gobernuak prestatu duen osasun arloko foru legea gogor kritikatu du LABek, pribatizazioari ateak irekitzen diolako. Honekin batera, zerbitzuaren kalitateak eta langileen eskubideek okerrera egingo dutela nabarmendu du.

Osasunbidearen kalitatearen alde 2023ko otsailean egindako grebaren kartelen aurretik bi langile pasatzen dira, Iruñean..
Osasunbidearen kalitatearen alde 2023ko otsailean egindako grebaren kartelen aurretik bi langile pasatzen dira, Iruñean.. (Iñigo URIZ | FOKU)

Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren onarpenarekin «osasun zerbitzu publikoari eusteko eta herritar guztiei osasun arreta egokia emateko, bai eta langileak gaur egin dituzten lan baldintzak mantentzeko» zailtasunak egongo direla salatu du LAB sindikatuak, pribatiazioaren mehatxua aipatuz,

ELA sindikatuak ere arrisku honetaz ohartarazi du berriki.

«Aurreproiektuak hutsune asko ditu, eta Gobernuak dituen asmoen adierazpen ezin argiagoa da: erakunde pribatuekiko lankidetza bultzatzea, Osasunbidearen eta bertako langileen araubide juridikoa aldatzea, osasun eskualde bakarra ezartzea eta langileen arloan hobekuntzak sustatzeko asmorik ez», azaldu du LABek.

«Guk ere uste dugu beharrezkoa dela lege berri bat idaztea, baina aurreproiektu honek ez du betetzen osasun arreta publikoa mantentzeko eta blindatzeko beharko liratekeen neurrietatik bat ere. Horregatik, LABek argi eta garbi arbuiatzen du Osasunbidearen egungo izaera deuseztatu nahi duen aurreproiektu hau, zeinak arriskuan jartzen baititu bai arlo publikotik ematen den arreta, baita langileen eskubideak ere», gaineratu du sindikatu honek.

Izaera juridikoa eta langileen eskubideak

Gauzak horrela, Osasunbidearen eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (Noploi) izaera juridikoa aldatzea kritikatu du LABek. «Honek arazoak ekarri ditu beste erkidego eta sektoreetan, eta zerbitzuak pribatizatzeko bidea ematen du», ohartarazi du.

Osasunbideko langileak «funtzionario» izateari utzi eta lan kontratadunak bihurtzea ere ez du begi onez ikusten LABek. «Haien eskubideak aldatuko dira ordainsariei, mugikortasunari, sustapenari eta abarrei dagokienez. Bestalde, lanpostuak amortizatzeko aukera irekiko da, kasuan kasuko gobernuaren asmoen arabera. Puntu hori ez da behar bezala azaldu, ez negoziatu, ez adostu. Izugarrizko erasoa da Osasunbideko langileen autonomiarentzat. Horren ondorioz, litekeena da administrazio berean figura juridiko bat baino gehiago egotea elkarren ondoan eta alde handiak izatea batzuen eta besteen artean», azaldu du.

Lankidetza publiko-pribatua delakorentzat ere baditu kritikak LABek. «Asmo hori argi eta garbi ageri da aurreproiektu osoan, funtsezkotzat jotzen baita baliabideak erakunde pribatuetara bideratzea inolako kontrol-mekanismorik ezarri gabe. Zerbitzu publikoak blindatzearen alde egin beharrean, beharrezko jotzen da osasungintzaren negozio pribatua sustatzen jarraitzea. Gainera, prekaritate-nitxo bat sortzen da enpresa pribatuetako langileentzat; izan ere, enpresa horiek, kasu gehienetan, Osasunbidekoak baino nabarmen okerragoak diren lan hitzarmenen bidez arautzen dira», dio sindikatuak.

Osasun eskualde bakarra eratzea eta hizkuntza-eskubideak ez errespetatzea ere salatu du LABek.

Bestelako lege baten beharra

Gauzak horrela, osasunari buruzko foru lege berri bat idaztea aldarrikatzen du LABek. «Administrazioak aurkeztutako aurreproiektuak neurri interesgarriak jasotzen ditu, hala nola barruti soziosanitarioak, arretaren humanizazioa, kudeaketa-autonomia... Hala ere, askoz neurri gehiago jaso beharko lituzke besteak beste arlo hauek hobetzeko: langileria arloa, hizkuntza-normalizazioa, kontrol mekanismoak eta gardentasuna lankidetza publiko-pribatuaren arloan eta osasun jardueraren arloan... Hori guztia osasungintza publikoa blindatzeko eta arreta-eremu guztietan indartzeko», laburbiltzen du.