Lakuako Gobernuak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek EAEko Elikagaien Bankuekin lankidetzan jardungo dute, orain arte udaletan edo beste erakunde edo entitate sozial batzuetan bildutako produktuak Valentziara bidaltzeko lanak koordinatzeko. Helburua laguntza ahalik eta modu antolatuenean eta eraginkorrenean bideratzea da.
Lakuak ohar batean azaldu duenez, Elikagaien Bankuen Federazioak DANAren ondorioak jasan dituzten pertsonei eta familiei zuzendutako elikagaien bilketari buruzko kontsulta ugari jaso ditu eta, hori dela-eta, EAEko erakundeekin akordio batera iritsi dira.
Hala, FESBALen (Elikagaien Bankuen Federazioa) eta Valentziako Elikagaien Bankuaren jarraibideei jarraituz, EAEko Elikagaien Bankuak arduratuko dira Valentziako Elikagaien Bankura bidalketak koordinatzeaz. Oraingoz, ezinezkoa da Valentziako Elikagaien Bankuaren lokaletan produktu gehiago jasotzea edo biltegiratzea, produktu asko dituztelako bilduta. Hori dela eta, dohaintzan emandakoa produktuak, Valentziara bidaltzeko zain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuen biltegietan gordeko dira.
Horrenbestez, Valentziara bidaltzeko produktuak bildu dituzten EAEko erakunde eta entitateek Euskadiko Elikagaien Bankuen egoitzetara eraman ahal izango dituzte, eta haiek biltegiratuko dituzte kaltetuei bidali arte, FESBALek hala erabakitzen duenean.
EAEko Elikagaien Bankuek, nolanahi ere, «jasotako elikagaien erabilera soziala eta ahalik eta aprobetxamendu handiena bermatzen dute, baliabideak galtzea saihestuz».
Bestalde, erakundeek gogorarazi nahi dute Valentziako Generaliteak lagundu nahi duten herritarren eta elkarteen eskura Som Solidaritat ataria jarri duela, DANAk kaltetutako pertsonentzako laguntzak eta dohaintzak bideratzeko.