Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Amezketako aztiak ez du zotz magikoa ateratzerik izan, bete-betean egon den Lasoren aurka

Jokin Altunak ez du jokatuko azken bederatzi urteetan aurrenekoz Lau eta Erdiko finala. Egungo kaiolako txapeldunak galdu egin du Unai Lasoren aurka Eibarko Astelena pilotalekuan (14-22). Bizkarreta-Gerendiaingoak Peio Etxeberriaren aurka neurtuko ditu indarrak bi aste barru.

Unai Laso Jokin Altunaren aurkako garaipena amorruz ospatzen, Eibarko Astelena pilotalekuan.
Unai Laso Jokin Altunaren aurkako garaipena amorruz ospatzen, Eibarko Astelena pilotalekuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Jokin Altuna lurtarra dela erakutsi du Unai Lasok. Lau eta Erdiko azken zortzi urteetan finaleraino sartu da amezketarra. Gaizki ohitu gaitu Aspeko pilotariak. Gaur Eibarko Astelena pilotalekuan Bizkarreta-Gerendiaingoak azpiratu du kaiolako egungo txapelduna. Bi aste barruko kaiolako finala bi pilotari nafarren artekoa izango da: Peio Etxeberria, atzo Erik Jaca aise menderatu ondoren, eta Unai Laso ariko dira nor baino nor gehiago.

Lotuta jokatu du Aspekoak, aske Baikokoak. Lasok hanka sartze gutxiago egin ditu, sakean asko asmatu du, eta aparteko distirarik egin gabe, baina partida bete-betean sartuta momentu oro, behingoz, Lau eta Erdian aurrenekoz garaitu du amezketarra.

«Nire partida egin dut. Frontoi ederra da Eibarkoa nire jokamolderako. Nahiz eta hasieratik irabazten hasi, ezin nuen erlaxatu. Jokinen [Altuna] aurka urte asko horrela izan dira. Hasieran sekulako aldea, baina gero beti hor dago. Gaur egia esan nirea oso ondo egin dut. Berak baino pilotakada bat gehiago eman dut. Hari deseroso sentiarazten ahalegindu naiz, eta ez dut pazientziarik galdu. Horixe egin behar baita Jokinekin», adierazi du Baikoko aurrelariak partida amaitu berritan.

Altunak, berriz, ligaxkan etekin handia atera dion sake-errematean ez du asmatu —ez du tanto bat bera ere egin sake errematean; Lasok, aldiz, bost egin dizkio— eta ez da batere eroso sentitu kantxan. Kritiko mintzatu da amezketarra bere buruarekin.

«Inoiz bukatuko zela argi dago. Hala ere, irabazi izan banu, ez nukeen pentsatuko bederatzigarrena zenik. Ez naiz eroso sentitu. Pare bat tantora gerturatzen nintzenean, bigarren eta lehen koadroetan ezkerrarekin ez dut pilota eskuan ondo sartu. Horregatik dut pena. Galdu dezaket, baina pena dut aukera izan dudanean partidan ez naizela sartu. Ez dut ezertara jokatu, ez tantoa bukatzera, ezta gogortzera ere».

Dema hasieran, aurrenekoz Altuna atzetik

Partida hasi eta berehala Laso jarri da aurretik markagailuan (4-0). Horietatik bi tanto sakez egin dizkio Bizkarreta-Gerendaingoak amezketarrari. Lehenengo aldiz Lau eta Erdiko txapelketa honetan, Altuna atzetik zihoan markagailuan. 2-5ekoa tanto polita bezain gogorra izan da, nor baino nor gehiago aritu dira. Azkenerako, baina, Altunak beste behin huts egin du.

3-7 zihoazela markagailuan, Lasok pare bat gantxo kanpora bota ditu, eta hor amezketarrak aldea murriztea lortu du markagailuan 5-7. Hala ere, Aspekoa gerturatu orduko, Baikokoa joan egiten zitzaion. 5-8koan Lasok tanto ederra egin du, bi pareta bizi batekin amaituta jokaldia.

Orduan izan ditu Altunak bi aukera garbi Bizkarreta-Gerendaingoari tanto egiteko, baina huts egin du lehen eta bigarren koadroetatik 6-9.

Bat ezinean, eta bestea eroso. 6-12 joan da lehen atsedenaldira nafarra markagailua alde zuela. Tanto ederra izan da 6-10ekoa. Lehenik txokora mugiarazi du Altuna, ondoren bi pareta bat airez egiteko.

Lehengo lepotik burua

Lehen atsedenaldiaren bueltan, ez du partidaren norabidea aldatzerik izan Altunak. Gainera, Lasok amezketarraren pilota bat atera du saskitik. Gero adierazi duenez, «eroso» zegoen Baikokoa aurkariaren pilotekin. «Lehenik berak atera ditu, eta min egiten nionez, ondoren nik berea ateratzea erabaki dut. Berak ere mina egiten zidan pilota horrekin, baina gustura aritu naiz».

Altunak 8-12ra gerturatu bada ere, berriro ere joan zaio 16 tantora Laso. Jokoan askoz gehiago asmatzen ari zen Bizkarreta-Gerendiaingoa. Akaso 10-17ko tantoa izan da partidako tantorik erabakigarriena. 30 pilotakadatik gora jo dituzte, tanto luzea eta nekagarria izan da. Altunak gora bidali du pilota.

Orduan hautsi da partida, aurretik hautsita ez bazegoen, behintzat. Bukaera aldean Lasok 22ra iristeko bi tanto baino ez zituenean behar, Altunak lau tanto jarraian egin ditu, 14raino ailegatuta. Amezketarra zertxobait berpiztu bada ere, Lasok kate motzean lotu du, eta azkenean garaitu du txapeldun handia.

Altuna: «Galtzen dudanean beti presioa dela esaten da»

Lasok adierazi du «konfiantzaz» jokatu duela, eta «oso ongi» sentitu dela. Batez ere, partidaren gakoa sakean egon dela nabarmendu du. Finalean egotea «opari ederra» dela esan du Lasok: «Final handi batean berriz ere. Peio [Etxeberria] eta biok oso lagun onak gara txikitatik. Oso partida gogorra da. Orain atseden hartzea tokatzen da, eta momentuaz disfrutatzea».

Urtebete min hartuta egon ondoren, Laso Buruz Buruko eta Lau eta Erdiko finaletara ailegatu da: «Oso harro nago, momentu txarrak pasatu ditut. Orain beste final bat iritsita ederki».

Altunak, berriz, adierazi du batzuetan galdu egiten dela, eta beste batzuetan irabazi: «Berak sekulako partida egin du. Zoriondu besterik ezin dut egin. Galtzen dudanean beti berdina esaten da. Presioa dela edo ez dela. Besteek ere pilotan jokatzen dute. Laso pilotari puska handia da, eta ez da lehen aldia irabazten didala».

Datorren asteburuan jokatuko du Altunak Jacaren aurka Lau eta Erdiko hirugarren eta laugarren postua Zumarragan.

FITXA TEKNIKOA

Jokin Altuna: 14

Unai Laso:
22

Pilotakadak:
251 pilotakada. Iraupena: 53:50 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 2-5, 3-6, 4-7, 5-8, 6-8, 6-12, 7-12, 8-12, 8-16, 9-16, 10-16, 10-17, 10-20, 11-20, 14-20, 14-22. Sakeak: 0 Altunak, eta 5 Lasok. Egindakoak: 9 Altunak, eta 13 Lasok. Galdutakoak: 9 Altunak eta 5 Lasok. Gorabeherak: 100/40 Altunaren alde apustuak Eibarko Astelena pilotalekuan.