«Nazioarteko turismoa landu ordez, hurbilekoa lantzea tokatzen zaigu»
Duela hamabost urte sortu zuten Bizibiziki natura turismo aholkularitza zerbitzua Idurre Lucasek eta Ekaitz Zubeltzuk. Tokian tokiko eragile, herritar eta erakundeekin lan egiten dute, bertako «arazoei» konponbide bat emateko eta beste eredu bateko turismoa bultzatzeko.
Hazkundearen edo desazkundearen norabidea, etxebizitzaren arazoa, enplegua sortzen dela, lan baldintza duinik ez dagoela, sare sozialen eragina, herritarren harrera eta bertaratutakoen jarrera… turismoaren inguruan hizketagai ugari sortzen dira. Protestek gora egin dute, ezinegona muturrera iristen ari den garaiotan. Baina nola landu gaia?
Bizibiziki enpresako Idurre Lukasek eta Ekaitz Zubeltzuk hamabost urte daramatzate landa eremuko turismoan aholkulari lanetan, eta lehenengo gomendioa ikuspegi eraldatzaile batetik lan egiteko prest egotea da. Testuingurua sakon aztertu eta galdera deserosoak izan daitezkeenak pausatzeko unea heldu da: nahi dugunean nahi dugun lekura joateko ideia mugatu egin behar al da?
Has gaitezen definiziotik. «Turismoa masiboa da, jende kopuru handi bat leku jakin batean biltzen denean. Horren alternatiba gisa jaio zen turismo jasangarria izendaturikoa, ardatz naturala, soziala eta ekonomikoa kontuan hartzen dituena. Egun, ordea, turismo birsortzaileaz hitz egiten ari dira adituak. Turismoak inpaktu positibo bat sortzea da hauen helburua», azaldu digute. Izendapenak izendapen, bisitarien beharrak asetzea da denen helburu nagusia. Mugitu gaitezkeela ez da zalantzan jartzen, eta hori da Bizibiziki enpresako kideek azpimarratutakoa. Ulertu al daiteke turismoa termino gizatiarragoetan? «Eredu elitista batetik hitz egiten dugu egun turismoaz. Gure gizarteko zenbatek bidaiatu dezake? Akaso ongizate terminoetan beste modu batera planteatu beharreko gaia da», adierazi du Lucasek.
«Ezinegona areagotu egin da. Badago zure hiritartasuna galtzeko arriskua, eta horri erantzun bat eman behar zaio»
Gizartean dagoen ezinegona ukaezina dela ondorioztatu dute: «Ezinegon bat dago. Ezinegon hori areagotu egin da. Badago nolabait zure hiritartasuna galtzeko arriskua, eta horri erantzun bat eman behar zaio». Ez dute zalantzarik herritarren kezken areagotzean turismoak baduela eragina, baina beste hainbat faktore ere aztertu behar direla argi dute, «baina ez dago testuingurua kontuan hartzen duen ikerketarik». Hori aztertzea ezinbestekoa da haien ustez, izan ere, arazoa non dagoen eta zein den ondo zehaztu behar da, alternatibarik pentsatu nahi bada.
«Nahi dugu turismoa, baina ez masiboa, kontrolatua izatea baina jasangarria, ez betetzea gure herria, baina jendea etortzea…», etengabe hari baten gainean dantzan dabiltzala kontatzen du Zubeltzuk. Eta segidan Lucasek erantzun: «Egun ezagutzen dugun turismoa ez da jasangarria. Nahi dugunean hegazkina hartzea ez da jasangarria, eta agian nazioarteko turismoa landu ordez, hurbileko turismoa lantzea tokatzen zaigu».
Mundutik Euskal Herrira
«Euskalduna beti izan da bidaiaria», aipatu du Zubeltzuk: «Gu ere turistak izan gara eta egun ere bagara. Ezagutu ditugu munduko txoko asko, eta Bizibiziki sortzearen arrazoietako bat munduan ikusitakoa izan zen. Beste herrialde batzuetako turismo eredua ez genuen gure herrirako aproposa ikusten». Gainera, Euskal Herriari bereizgarri bat ikusten zioten: landa eremuko natur turismo handia izan dezake. Sumatu dute Covid-oste garaian naturara hurbiltzeko joerak gora egin duela.
Aspalditik izan da, ordea, arriskutsua ez bada, kezkagarria, zer ez den nahi aldarrikatu baina zer nahi den definitzeko ezintasuna. Hori da egun turismoarekin gertatzen dena elkarrizketatuen arabera: «Egun nork jarri du eredu bat mahai gainean? Estrategia partzialak izan ditzakegu, baina ez dugu esaten zer planteatzen den». Eta arazo horren hurrengo katebegia: atzetik joatea. Sentipen hori dute Bizibizikoek sarritan, dagoen arazo bat konpontzera abiatu, baina beti berandu eta eredu jakinik gabe iristekoa: «Gure ereduak herria bizigarria izatea ekarri behar badu. Jakin behar dugu lehen etxebizitza bigarrenarekiko zein indizeetan mugitu behar den. Eta pixka bat mugitzen denean, aukera izan behar dugu hori geldiarazteko. Baina horretarako, lehendabizi, zer nahi dugun jakin behar dugu».
«Aisialdia eta turismoa termino sozialagoetatik planteatu behar dira, ez etengabe kontsumo ikuspegi batetik»
Lucasen iritziz, aisialdia eta turismo kontzeptuak «termino sozialagoetatik planteatu» behar dira, «ez kontsumo ikuspegitik», ohartarazi du. Eta gure herria bisitatzen dutenekin zein harreman finkatu behar genukeen hausnartu beharra ikusten du: «Bisitariekin dugun harremana sistema kapitalista batean dagoena da, kontsumitzeko terminoetan ematen dena». Izendapenetik bertatik aldaketa bat proposatu du: «Bisitaria bisitari izan ordez, gonbidatu bihurtuko bagenu?». Gure kontraesanen ispilu lana ere egin du Lucasek oinarrizko hausnarketa batekin: protestetan ikusten ditugun herrialde horietara gu joaten gara oporretara, eta gu ere gure lurraldean zehar sarritan gara turistak. Edo nahiago bada, bisitariak. Landa turismoa
Landa edo natur turismoa da Bizibiziki enpresan lantzen dutena, eta erronkaz josita dagoela kontatzen dute. Herri bakoitzak bere arazo, erronka eta irtenbide propioak ditu, eta horiek bilatzeko testuingurua herritarrekin batera lantzen dute, garrantzia ematen diote horri.
Erronken inguruan hitz egiten hasitakoan, Lucasek belaunaldi erreleboa, ostatuak, landetxeak sortu zituztenen erretiroa eta inork ez erosi nahi izatea aipatu ditu batik bat. Enpresa txikiak daude natur turismoaren atzean, eta zutik dirautenek ere zailtasunak dituzte urte osoan lanpostuak izateko: «Lan baldintzak ez dira onak. Lan tenporala izan ohi da». Baina gehienetan herritarrek lan egiten dutela zehaztu dute.
Enpresa txikiekin lan egiteak onura batzuk ere ekar ditzake, beraien ustez; bisita gidatuak egin eta bertako kultura ezagutzea, esaterako: «Herri txiki batek mendi ibilbide bat gidari batekin egiten badu, espazioa interpretatuko du gidari horrek, esplikatuko dio zergatik dauden soroak, azalduko dio gure kultura, eta babarrunak jatera eraman dezake azalpen batekin… Hori egiten duenak zerbait eramango du etxera euskal kulturaren inguruan». Hala ere, argi dute gure herria munduratzeko ez luketela turismoa erabiliko.
Kudeatu gabeko turismoa arazo bilakatu daiteke. Azken boladan gero eta indar gehiago duen sare sozialen fenomenoak kudeaketa hori oztopatzen du zuzen-zuzenean, «kudeatu nahi den turismo bati begira, horrelako tresnak oso arriskutsuak dira».
Erratzuko adibidea ipini dute: «Bat-batean modan jarri da, sare sozialetan agertzen da Xorroxin. Nola erantzun horri?». Erakunde publikoek erabaki dezakete ez promozionatzea, baina ez dago beraien esku. Eta, ondorioz, ez informazioa, ez bidaiari kopurua ez beste deus ezin da kontrolatu. Orekatzeko joera
Beren ibilbidean ikusi dutenaren arabera, nahiz eta Euskal Herria hiru eremu administratibotan banatuta egon eta bakoitzak ikuspegi propio bat izan, badago oreka bilatzera doan joera bat: «Oreka honetan jarduera ekonomiko horren garapena edo mantentzea eta iraunkortasuna bilatu nahi da».
Instituzio bakoitzak ordea, bere bidea jorratu du. Nafarroako Gobernuak, esaterako, turismoa antolatzeko egitura berriak martxan jarri zituen eta turismoaren kudeaketa lanetan dabil (garraio sistema bereziak edo erreserba sistemak inplantatzen), Ipar Euskal Herrian, Euskal Elkargotik Naturaguneen figuren inguruko lanketa espezifikoak burutzen ari dira, edota turismoaren ondorioak gutxitzeko araudiak garatzen.
Lakuako Gobernuak ‘Baliabide turistikoen plan sektoriala’ du martxan. Bizibizikikoen ustez, plan sektorial horrek arautuko ditu kontu batzuk eta eragina izango dute inguruan: «Iruditzen zait etxebizitzaren mugapenak turismoa non garatuko den eta non ez zehaztuko duela eta baliabide turistikoak mugatzea ekarriko duela. Baina, eredurik ez dagoen artean, aldaketak partzialak izango dira». Beraiek batez ere udaletxeekin lan egiten dute, eta azaldu dute, kasu honetan, udaletxe batek izan dezakeen esku hartzeko ahalmena oso txikia dela. Horregatik, berriz ere hausnarketa sakonen eta estrategia partekatuen beharra; ez baitira gauza bera borondatea eta eskumena.
Hainbat noranzko
Neurri edo irizpideen inguruan mintzatzea ez da samurra. Ideia nagusi batetik abiatuz, «nahi dugunean nahi dugun lekura joateko ideia mugatu behar da», nabarmendu dute lehendabizi. Baina horrek sakoneko aldaketak eskatuko ditu, eta, horiek landu bitartean, dauden ezinegonei erantzun behar zaiela uste dute: «Kontestuak ulertu behar dira. Ezin dugu denerako soluzio bera ezarri. Lan handia dugu diagnosi onak egiten».
«Ikuspegi anbiental batetik, hurbileko turismo batera joan behar dugu. Neurrietako bat izan daiteke aztertzea zein aukera egon daitezkeen, ikuspegi ez hain internazionalarekin lan egiteko, baizik eta gure lurraldean lan egiten hasteko», proposatu dute.
«Ezin dugu ulertu hemendik aurrera hazten joango den zerbait bezala, egoerak desazkundea eta beste modu batera begiratzea eskatzen du»
Bestetik, argi dute desazkunde batean kokatu behar direla neurriak: «Ezin dugu ulertu hemendik aurrera hazten joango den zerbait bezala. Egoerak desazkunde bat eskatzen du, eta beste modu batean begiratzea».
Turismoak nolako beharrei erantzuten dion ere hausnartu beharrekoen zerrendara gehituko lukete bi adituek. Ongizatearen ikuspegitik zein eskaintza ditugun galdegin dute: «Ez dago eskaintza bat gizarte osoa kontuan hartuko duena, generoa, arraza edo bestelako indikatzaile batzuk kontuan hartuko dituena. Hor ez da inolako planteamendurik egiten, eta hausnarketa sakon bat behar da, erpin asko dituen gaia delako. Eredu eraldatzaile batetik enfokatu behar dugu gaia, beste leku batetik».